ZUBEROAKO HERRI IZENDEGIA
Euskaltzaindiak Zuberoako herri eta herritarren izendegi ofiziala amaitu berri du. Herrialdeko kultur elkarteekin adosturiko lan honek proposatzen duen aldaketarik azpimarragarriena kontsonante ondotik `h' letra duten herrien izenek grafia hori edukiko dutela da. Euskaltzaindiak, esate baterako, Atharratze, Olhaibi edo Sorholüze hobetsi ditu, nahiz eta horren kontra zenbait mintzatu zen. Zerrenda berri honek 1966tik irauten zuena ordezkatuko du.
EUSKARA JUSTIZIAN
Justizia Administrazioan euskara normalizatzeko erakundearteko batzordeak eginiko lana eredugarritzat jo zuen iragan astean EAEko Justizia sailburu Sabin Intxaurragak. PP eta PSE-EEk zalantzan jarri zituzten orain arte eginiko urratsak. Iritzi hauek gaitzetsiz eta batzorde honek erakutsi duen «eraginkortasunagatik», batzordeak lanean segitu behar duela adierazi zuen Intxaurragak.
EKE-REN GOGOETA ASTEBURUA
Euskal Kultur Erakundeak (EKE) gogoeta asteburua antolatu du azaroaren 5 eta 6rako. «Nolako euskal kultura XXI. mendean» galderari erantzuten saiatuko dira partehartzaileak. EKEko zuzendari Pantxoa Etxegoinek euskarak eta kulturak hamar edo hogei urteren buruan beteko duten lekuaz gogoetatu behar dela aipatu zuen, egitarauaren harira. Lau galdera orokorren inguruan hausnartuko dute, lau lan taldetan banatuta, bertaratuko diren ehun bat pertsonek.
UEMA-K ZUZENDARITZA BERRIA DU
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) zuzendaritza batzorde berria aukeratu du. Lehendakaria Kontxi Gabantxo da eta 9 batzordekide izango ditu. Datorren urteetarako helburu eta erronkak zehaztu zituzten, eta alderdi abertzaleei, EAJri bereziki, proiektuan inplikatzeko eskatu zieten.