argia.eus
INPRIMATU
TTIKIAK HANDIA JATEN DU
Jakoba Errekondo 1999ko urriaren 31
Zuhaitzak eraitsi eta zuhaitzak eta arbolak landatzea neguan naturan burutzen diren lan ezagunenak dira.
Eraitsi aditza aspaldi batean bide-bururen bateko santutxuaren gurutzearen itzalean edo Galtzeta-buruko harriaren hankapean geurea ez zen bidetik bidali eta galdua dugula dirudien arren, eraiste ekintza bera ez dugu ez ahaztua, ez pertsonena ezta zuhaitzena ere. Erreserbak gotortuta eta izerdia geldirik, ia agortuta, zuhaitzetik zura egiteko sasoi aproposena da bai negua.
Onerako edo txarrerako landaketarekin ez dugu berebiziko ahanztura arazorik. Bestelakoak bai ordea. Hona bat. Zuhaitzak eta arbolak landatzerakoan gero eta landare handiagoak sartzen dira, landare puska ederrak batzuetan, azkarrago etorriko direlakoan... Landarea handia bada, landatzeko toki batetik ateratzen denean bere sustraien zati handi bat galtzen du. Honela kokapen berriko zuloan zuhaitz osoa ezin mantenduko du. Urte batzuk beharko ditu sustrai berriak eman, ondo errotu eta ondroso elikatzeko. Espezie batzuk iaioagoak dira lan honetan, baina gehienek asko sofrituko dute.
Maiz ikertu den gaia da, landare ttikia eta handia landatu eta urtetara dakarten aldea ikusi. Gehienetan metroko landareenak dira emaitza onenak. Landare ttikia azkar errotzen da eta bigarren urterako hazten hasten da. Handia ernatzerako bera baino handiagoa da ttikia jarria. Negu honetan landaketarik egin behar baduzu, zuhaitzak eskatzerakoan kontuan izan...