argia.eus
INPRIMATU
INPERIOAREN KONTRAERASOA
2021eko uztailaren 19a
Nafar petoen irratia izan nahi du, programazio etiko eta kulturala eginez. Ondo dago hain asmo aurrerakoiak edukitzea; aireratzean beste irratiak lohitu egiten ditu baina, euskarazkoak hain zuzen. Inaugurazio ekitaldian, noski, hor ziren Sanz presidentea eta Barcina alkatea, irribarrea ezpainetan zutela, ongi atera baitzaie karanbola: Euskalerria Irratiari lizentzia ukatu eta euskaraz heltzen diren bi seinaleak deuseztatzen saiatu, bingo! Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariarekin mintzatu gara. «

Iaz, baimenen banaketa egin zela, Net 21 eta Opusek eskuratu zituzten, gu hirugarren utzita, nahiz eta guk argi eta garbi irabazi. Hasteko, Opusek ez zituen eskatu baldintzak betetzen, ez formalak, ez edukizkoak. Batetik, merkataritza erregistroan ez dago, zergatik ote? Beraiek diote, erlijio elkarteen erregistroan daudela. Baina hori egoera ilegala da, unibertsitate gisa ezin baitaiteke hor izena emanda egon. Bestetik, ez du langilerik, ez dute deus kobratzen eta egiten duen euskarazko eskaintza irrigarria da. Informatiboak entzutea baino ez dago
».
Nafarroako diputazioak azpijoko horretan sartzea iradoki zielakoan dago Bujanda: «

zuek jarriko zaituztegu tartean, Euskalerria Irratiari lizentzia eman ez diezaioten. Amarru zikin horretan sartu ziren, bestela ez da ulergarria Opusekoek halako egitasmo hutsala aurkeztu izana. Txosten inprobisatua baita, katalogoetako deskribapenekin osatua
». Esan bezala, Opusekoen frekuentzia Euskadi Irratiak Nafarrora bidaltzen seinalea oztopatzen ari da. «

Horrek irtenbide alternatiboa bilatzera eraman gaitu, gure bitartez heltzen baita seinalea. Horri esker, Iruñerriko entzuleek Euskadi Irratia entzuten ahal dute
» diosku Bujandak. Hori gutxi balitz, Net 21ek darabilen frekuentziak Euskadi Gaztea erabat estali du. Hori ere kasualitate hutsa da, noski