Beren sorlekua den Ameriketatik landa ba ote da munduan Euskal Herrian haina piper egiten den tokirik ? Galdera ez da erromantiko itxurako tontolapiko edo aberri zale babalorearena, ez...
Kolonizatzen uzten bezain onak, kolonizatzen izan garen euskaldunok etekin gastronomikoak ere atera dizkiegu gure aurrekoen garai bateko Ameriketarako bidaia haietatik ekartzen zituzten landare ezezagun haiei. Gernikako luzea, Beterriko pipermin mehea, txorizeroa... berdeak; Lodosako aldareko pikiloa, Bizkaiko gorri mamitsua, morroi potoloa, Ezpeletako muttur-fina... gorriak.
Hemen haina gurtu eta ordaintzen ote da inon piperrik? Euskal Herriko ia bazter guztiak dira piperra hazteko egokiak. Paisaje berdeetako soroetan, hezetasunak lagundu eta eguzkiak gogor jotzen ez badu piperra bero-puntturik gabekoa izango da. Zaporea fina badute, mamia eta azalaren egitura finagoa. Paisaje lehorretako hegoaldean, aldiz, piperrak hazten diren uda partean hezetasuna arrunt urria da eta eguzkia egoskor ari ohi da. Aire lehor eta beroak piperra zikoizten duela pentsa daiteke, baina urtetan egindako barietate aukeraketaren ondorioz piperraren mamia fin asko mantentzen da nahiz eta tarteka zaporea zikoiztu. Soroan beraz, aireko hezetasunak mamiaren ehundura fina eta zapore minik gabeko piperrak izatea laguntzen du. Baina soroa ez da lapikoa. Lapikoan saltsa loditzeko ura eransteak piperraren mina areagotzen omen du. Ba ote?