argia.eus
INPRIMATU
Jaizkibelgo magalean, txitxarroa eta berdela
Lierni Arrieta 2017ko azaroaren 28a
Duela 2.000 urte erromatarrak iritsi zireneko Bidasoako itsasadarrean arrain usaina eta untzi koloretsuak ez dira faltako. Jaizkibel barreneko biztanleek ordea, beste makina bat bizibide dituzte, hala nola, turismoa, industria eta garraioa. Herrian zehar egingo dugun txangoak lur lehorretik begiratutakoan itsasoak duen edertasuna ikusteko aukera eskaintzen digu. Kai txikian hasiko dugu ibilbidea, bidean gora eginez txalet artean jardinetako zuhaitz tropikal eta exotikoak topatuko ditugu: magnolio, mimosa eta palmerez inguraturik daude baina bide ertzetako landareek (apomahats eta ziabelar latsak, besteak beste) Euskal Herriko iparraldean gaudela adierazten digute. Telmoko gaztelua igaroz jarraituko dugu eta itsasargiko bidea ezkerrerantz hartuko dugu. Itsasoaren zabala bertan ikus genezake baina berandutu nahi ez badugu jarrai dezagun kanpin albotik doan bidea segiz. Eraikuntza lanak (2 km) ezkerrean utziz, itsasertza ikusiko dugu. Pinu landaketa gazteak txilardi-otadiak garatzea uzten du eta hauen artean ametz landare gazteak topa genitzazke. Landaketak betiko moduan

intsignis
pinuarenak dira baina bide ertzean itsas pinuak ere bereiz daitezke. Azikulak (hostoak) binaka agertzen dira eta 10-25 zentimetrotakoak dira.

Intsignis
pinuaren azikulak aldiz txikiagoak izateaz gain hirunaka daude. Bidegurutze bakoitzean erdiko bidea hartuz eta itsasoa ezkerraldean, gaztainondo basoak igaroko ditugu. Hareharria kresalak higatu du zulo eta zirrikitu leunduak agerian jarriz.
Bidezidorra itsasoarekin gero eta hurbilago doa eta errekatxo batek irekiriko hondartzan sustratu gogorretako itsasoko bizidunak topatuko ditugu (7km), hala nola, algak eta karramarroak. Baina oinatz gehienak gizonarenak dira eta plastiko zein kristalek koloreztatzen dute area. Hala ere, txokoaren ederrak erakarriko gaitu, lurraren eta itsasoaren bat egitea bortitza delako. Batak bestea menperatu eta higatzen du. Marea eta olatuen joan-etorrien bidez, lurreko sustratua harkaitz biluzia leundu eta moldatzen du, zulo eta arraildura bitxiak marraztuz. Hondartza atzean utzi eta pixkanaka-pixkanaka etxabereen bazkalekuak diren larreetara hurbilduko gara. Behi eta zaldi ugariak ez dira batere izutzen, beraien artean igarota. Itsasoari botatako aurrez aurreko azken begiradan, bere zabalera infinitoak milagarren aldiz txundituko gaitu.
Bidea jarraitu eta itsasotik urruntzen den hartxintxorrezko bidearekin topo egingo dugu, beronek Guztiz Eder bentara eramango gaitu (10km). Errepide nagusian gizakiaren eragina areagotu egiten da eta landaketak garbiagoak dira. Azpibaso pobreagoa izango dute eta sasiarkazietan apomahatsa nagusitzen da zurtoinean gora igoz. Bertan ibili ondoren ezkerreko gurdibideari jarraituz, Guadalupeko gainera helduko gara (12km). Hemen aukera desberdinak daude: gotorlekua bixitatu, errezatu edo hamaiketakoa egin dezakegu, baina eliz atariko hormirudiak dioenez bainujantzian ibiltzea debekatua dagoenez, ezingo dugu eguzkirik hartu. Aukerarik onena begiratokitik alboko gailurrak ikustea izango da. Aiako harriak berehala bereizten dira tontorren forma bitxia dela-eta. Pare-parean dugun mendia Larrunekoa da eta bien artean Txingudiko badia nabarmentzen da, Irun eta Hondarribia herrien artean.
Hondarribira itzultzeko eliza parean dagoen bidezidorrari ekingo diogu. Gurutze bidea izanik, ermita bat ere igaroko dugu. Gurutze bidean arteak ere noizbehinka topatuko ditugu, baina maldan behera gurutzeak eta errezu lekuak izango dira penitentzirako.
Berriro ere errepidearekin topo egitean, maldan behera eginez baserri berri edo txaleten artean, Hondarribira jaitsiko gara. Arkitektura ederra du alde zaharrean. Bereziki egurrezko balkoiak, gorri zein berdeak ugari dira, lekuari izakera eta dotorezia eskainiz. Herria zeharkatu eta kaira itzuliko gara (20km), bertan arrantzaren usain eta zurrumurruak entzuteko
Baxurako flotak txitxarroak, berdelak eta antxoak harrapatzen ditu; bakailaoa ez da ageri

Itsasoa urezko desertua dugu. Edozein ekosistematan oinarri diren elikagaiak urri dira itsaso zabalean. Eskuragarriak diren lekuetan aldiz oasis emankorrak eratzen dira, planktona milaka arrainen topaleku delarik. Hau plataforma kontinental eta afloramentu guneetan gertatzen da.
Gizakia oasis guztietako uztaz baliatzetik bizi denez, arrantzaren bidez ustiatzen ditu itsasoko altxorrak. Txangoa Hondarribian burutu dugu eta herri honetan arrantzaren garrantzia itzela izan da betidanik. Harrapaketaz gain arrain haztegiak ere badira. Nekazaritza, altzarigintza, untzigintza, turismoa, merkataritza eta garraioa dira gainerako jarduera aipagarriak. Gaur egun baxurako flota garrantzitsuenetako bat du. Gure kostaldeko baliabideetatik antxoa, txitxarroa eta berdela, arrain migratzaileak harrapatzetik bizi dira untzi hauek. Bestelako arrainak, bisigua eta bakailaoa, itsas hondoetakoak alegia, gainustiatuta eta desagertuta daude hemen. Hala ere, arrandegietan bakailaoa eta atuna oso ohikoak dira. Kontsumitzaileak ez du hauen jatorriaren berri edo ez du jakin nahi nongo edo noren oasiak gainustiatzen ari garen. Sabela beteta dugun bitartean ez gara gauza horietaz arduratuko