argia.eus
INPRIMATU
HERIOTZAREN AURREAN UMORETSUA
Emilio Lopez Adan 'beltza' 2021eko uztailaren 15a
Iñako Trula hil da. Astebete bat hiltamuan Donostian, esan nahi baita astebete bat agonia Mila bere andrearentzat, Iparraldean. Hogeigarren mendea bukatzen ari, eta badira oraindik errefuxiatu politikoak. Bakea omen dugu, eta berrogei kilometrotara hiltzen ari den gizonarengana ezin joan. Ez da giro.
Gisa guztiz, berrogeita hamasei urte ez da hiltzeko adina. Edozein zirkunstantzitan ere, badu injustizia aire itzela. Jainkoa balitz, kontuak eskatzeko. Baina jainkorik ez da, ez, eta ezin daitekeela izan sentiarazteko, betidanik aipatu dira sofrimenduak eta heriotza; ahalguztidun batek horrelakoak sortzea, hori bai itsuskeria latza, ankerkeria gordinena. Bakunin-ek zioenez, jainkoa balitz, injustizia eta sofrimenduen sortzailerik balego, suntsitu beharko genuke. Buelta asko eman diote teologoek, baina argudio etiko horrek ez du bueltarik: jainkorik ez da.

HERIOTZA
eta gorputzen hondatzea bizitzaren legea dira. Hain zuzen, zaharren desagertzeak egiten dio berriari lekua. Baina kontsolamendu kosmiko hori ez da kontsolamendu; pertsonek baditugu gure indibiduotasunaren kontzientzia eta, gehiago dena, gure bukaeraren segurtasuna.
Gazte garelarik, baliatu; zaharretan, konformatu behar: horra legea. Zahartuz geroz norberaren heriotza, bale; baina lagunen desagerketak, batez ere bortitzak eta goiztiarrak direnean, nekez irensten dira. Berriro ere injustizia aire bat, aire alferra, naturari justizia edo injustiziaren kontzeptuak ezin dakizkiokelako itsatsi.
Alta, bada (barkatu Unai) zerbait. Natura den bezalakoa izanik ere, guk badugu nondik bizitza luzatu eta hobekitu, nola sofrimenduak jabaldu eta eriak piztu. Hori, behintzat, kontsolagarria da; azkenean deus ez gara, baina ez gaude arrunt indarge eta pasiboak: loteria kosmikoak utzi digun zirrikitua ahal eta hobekien hornitzeko parada badaukagu. Badaukagu... sozietateak eta beste pertsonek uzten bagaituzte. Posibilitateak, bai: pertsonek baditugu bizitza indibiduala hobekitzeko ahalak, baina oro har askoz errazago egiten dugu kontrarioa.
Zenbat miseria ez den egunean egunean fabrikatzen! Esplotazioa, biolentzia, tortura, hilketak, horiek dira humanitatearen egunerokotasuna. Horien kontra ere betidanik erreboltatzen gara humanoak, behar bada, jainkoa ukatzeko eta natura gainditzeko bultzatzen gaituzten indar beraiek eramanak.

TRULAREN
belaunaldia altxatu zen gure herriaren askatasuna eta zanpatuen errebolta elkarrekin gauzatzeko, mundua, mundu osoa, aldatzeko eta sozietatea, sozietate osoa, iraultzeko. Iñako ibilia da amets eta abentura horietan, baina heriotzak eraman du helburuak gihartuak ikusi baino lehen. Beharbada, denen patua da. Jainkoa zeruan, kosmosa eternitatean, eta gu, gure denbora mugatuan ondo izorratuak, ez gara irabazteko gauza.
Erreboltatzeko motiboak baditugu, eta heriotzaren eta injustiziaren aurkako borrokaren luzeak, borrokaren desesperantzak, ez gaitu zinismo konformistara eramango gure ahuleziaz irri egiteko umore dionisiakoari atxikitzen badiogu. Horretan nagusi zen Iñako Trula. Gurekin zaude betirako, maestro