argia.eus
INPRIMATU
BRETOIEN ABERTZALETASUNA: HISTORIA BERRIA DA
Mikel Asurmendi @masurmendi 1999ko urriaren 24a
Abertzaletasuna 70ko hamarkadan berpiztu zen Bretainian. Mugimendu bretoiaren militantziari esker Diwan eskolak sortu ziren. ARB (Armée Révolutionnaire Bretonne) erakundearen lehen ekintzek markatua izan zen hamarkada hura.


«EMGANN» ALDIZKARIA.

ARBk bere pentsamendua «Emgann» agerkarian azaltzen zuen hasieran: independentista eta antikapitalista – Iparraldean Herri Taldeak sortu ziren garaian–. Industrializazioa herri txikietara zabaldu zen. Borroka soziala eta borroka antinuklearra –Plogoff-eko zentral-nuklearraren kontra– biziki azkartu ziren. KAD (Kuzul an distaloliadeg) zen militanteen aldeko sostengu erakundea. Presoen anmistia eta estatuko indar armatuen disoluzioa eskatzen zituen. Amnistiaren ondotik, preso ohiek eta KADeko militanteek Emgann erakundea sortu zuten: abertzale eta ezkerrekoa. Itxaropen guztiak boterera iritsitako frantses Alderdi Sozialistan (PS) jarriak ziren. Aurreko hamarkadan sortua zen UDB (Union Démocratique Bretonne) alderdiaren militante andana bat PSra pasa zen. UDBk ARBren borroka armatua kondenatu izan du bere sorreratik. Ordea, ezkerreko bretoi abertzaleek independentzia aldarrikatzen zuten. Urte oso latzak izan ziren ezker nazionalistarentzat. ARBk bere ekintzak ugaritu zituen: ASSEDIC eta ANPE egoitza sozialen kontra bereziki.


DIWAN ETA SAB.

Abertzaleen lanak ez zituen, ez sozialki ez politikoki, bere une loriotsuenak bizi. Kulturalki azkartuz joan ziren bretoi kontzientzia eta ekimenak, alta. Diwanak ugaritu ziren, eta SAB sortu ere. EHEren (Euskal Herrian Euskaraz) berdina Bretainian. Euskal errefuxiatu ugari Iparraldetik Bretainiara aldatu zen eta euskaldunen eta bretoien arteko elkartasuna indartu. Emgann izan da euskal abertzaleengandik hurbilen dagoen alderdia. UDB zatitua agertu izan da. Borroka armatua kondenatzen badu ere, alderdiaren parte batek euskal nahiz bretoi militanteekiko solidaritatea agertzen du.


ARB-K ERRESISTENTZIAN DIRAU.

ARBk erresistentzia armatua praktikatzen du. Frantziaren estrategia bere esistentzia ukatzea da: «

Hedabideetan ez bazara ateratzen ez zara esistitzen
» lema praktikatzen du. ARBk 86tik 96ra bitartean hogeita hamar ekintza burutu zituen. Côtes D'Armorreko Paimpol eta Finistereko Morlaix-en joan den martxoan. Isiltasuna urratu duten ekintza batzuk burutu ditu ARBk, hala ere. Jean Pierre Chevenement eta Lionel Jospinen herrietan. Ekintza hauek iritzi publikoarekiko dagoen gorreri-hesia apurtu dute nolabait

Gaël Roblin*: "Independentzia historiaren norabidean dago"
Zein dira Emgannen xedeak?
Lurraldeen batasuna, hizkuntzaren ofizializazioa, sozialismoa eta independentzia.

Independentziaz hitz egitea utopikoa al da Bretainian?
Independentziaz hitz egitea historiaren norabidean joatea da. Europan gero eta herrialde gehiago dago independentziaren bidean. Ez dago arrazoirik Bretainia atzean geratzeko. Independentzia ez da utopikoa, errealista baizik. Ekonomiari gagozkiolarik, Bretainia da lehen nekazal herrialdea frantses estatuan.

Lurraldetasuna ere zuen arazoa da. Loira Bretainitik at ezarri da.
Ni bertakoa naiz; Naoned-ekoa. Administratiboki ez gara deus. Loira Atlantiarra oso industrializatua da eta Bretainiatik kanpo legez.

Zein da Emgann-en iritzia ARBz?
ARBko militanteak abertzaleak eta burkideak dira guretzat. Herriak behar ditu epaitu, ez guk ez estatuak. ARB –Ipar Euskal Herriko IKren antzera– erresistentzia armatuaren agerle da.

Su-eten bat aurreikus daiteke?
Behatzaile gisara ezetz esango nuke. Ez gaude egoera horretan. ARBk baldintza demokratikoak eskatzen ditu su-eten baterako: Bretainiaren ezagutza, lurraldetasuna eta hizkuntzaren ofizializazioa.

Plevineko lehergai lapurretaren ondoko atxiloketez zer esaterik bai?
Sostengu komiteak antolatu ditugu militante hauek laguntzeko, UDB alderdiaren parte baten solidaritatea ere jaso dugu. Emgannen egunkaria atxikiko dugu. eta urteko biltzar nagusia burutuko ere. Atxiloketa gehiago aurreikusten dugu. Jean Pierre Chevenement Bretainiara dator laster, eta polizi emaitzak behar ditu

* EMGANNeko eleduna