BRETAINIA: ARGI ERRAINU BAT EUROPAKO NAZIO TXIKIEN KARTAN


1999ko urriaren 24an
Bretainia (Breizh bretoieraz) Europako eta frantses estatuko mendebaldean dago. Atlantiar ozeanoak hartzen du penintsula honetako mugen parte gehiena, Mantxa kanalaren barrena zalbadua. 35.000 km koadro zabalera ditu; 4.034.790 biztanle biltzen direlarik. Bretainia bi izan dira historian: Bretoia eta GalLoa (frankoak). Kristo ondorengo 851 urtean, bretoiek eta frankoek Angerseko Ituna sinatu zuten, eta Bretainia hiru herrialdek osatua zela onartu ere: Retz, Nantais (Nantes) eta Rennes (Roazhon). Ekialdean bretroiak ezarri ziren nagusiki; Bretainia Handia ugartetik etorriak. Mendebaldea ekialdetik iritsitako galoek edo frankoek okupatua izan zen.


9 HERRIALDE HISTORIKOAK.

Bretainia bederatzi apezpiku-hiri edo herrialdetan banandua izan zen antzina. Lau erabat bretoiak: Tregor, Leon, Kemper eta Vannes. Hiru bretoi-frankoak: Dol, Sant Malo eta Sant Brieg. Herrialde franko-galoak bi ziren: Rennes eta Nantais. Bretainiako nortasuna anitza da gaur egun, sozialki, kulturalki, politikoki eta geografikoki bi parte nagusietan banandua dago: kostapartea, L'Armor deitua, eta barnealdea L'Argoat. Lehendabizikoan, Bretainia Beherea (La Basse-Bretagne) «Pays edo Herrialde» bezala kontsideratua, bretoiera bizirik da. Breiainia-Garaian berriz, (Haulte-Bretagna) «Pays Galo» frantses kultura nagusitu da. Oro har, frantsesa hizkuntz nagusia izaki. Herrialderik herrialde, gaur egun, Bretainiari 17 herrialde ezberdinek ematen dioten nortasun oso anitza, baserri nahiz hirietan mugatuak: Bretainia mendebaldea: Leon Garaia eta Behea, Phoer eta Cornouaille. Bretainia erdialdea: Porhoet mendebaldea eta ekialdea; L'Orient eta Vannes, Tregor-Goelo, Penthievre eta Rance. Bretainia ekialdea: Rennes, Redon, Fougères & Vitre, Meé, Loira Maritime eta Nantais.


BRETOIERA ETA GALLOA.

Bretoiera hizkuntza IV. mendean Britainia Handitik heldutako etorkinek ezarri zuten Armorikan (itsasoaren lurraldea). Bretoi-armorikarra, hizkuntz zeltiko bat da. Britainia Handian dagoen Galeseko hizkuntza eta bretoiera elkarrengandik aski hurbil dira, beren sintaxia eta lexikoa direla medio.
Filologoen esanetan, hizkuntz zeltikoen adar

«brittonique»
tik heldu den bretoieraren sintaxia malgua da, aditz-joko anitza eta preposizioengatik; bretoiera hizkuntz laburra eta zehatza da. Kristo ondorengo 740 urtekoa beren lehen liburu idatzia: «Codex Voss» izenekoa.
Galloa berriz, hizkuntz erromanikoa da, hizkuntz zeltikoaren lekua hartu zuena. Bretainia Garaian (Breizh Uhel) ez da bretoiera hitz egiten, galloa baizik; hizkuntz erromanikoa. Bretainia Beherean (Breizh Izel) berriz, bretoiera mintzo da. Saint-Brieuc (Sant-Brieg) eta Vannesetik (Gwened) mendebaldera.


VICHY-KO DEKRETUPEAN.

1790 urtean, iraultza frantsesaren ondoren, probintziak edo eskualdeak departamenduek ordeztuak izan ziren. Bretainia bost departamenduetan banandua izan zen: Finistere (Kemper), Ille eta Vilane (Roazhon), Morbihan (Gwened), Côtes D'Armor (Sant-Brieg) eta Loira Atlantiarra (Naoned). Azken hau ordea, ez da Bretainia Erregioaren baitan, ez erregio-administrazioaren baitan sartzen. Loira Atlantikoak 1.000.000 bat biztanle ditu, Naoned bere hiriburuan (Nantes) milioi bat lagun bizi da. Izan ere, 1941 urtean, Vichyko lege dekretuak –Petain gobernuburua izaki– Bretainia Erregioa sortu zuen, baina Loira Atlantikoa kanpo utziaz. Francois Mitterrandek Loira Atlantikoan Bretainian bersartzeko promesak egin zituen, baina ez zituen bete.


BATASUN ADMINISTRATIBOA.

Joan den ekainaren 30ean, etapa erabakior bat zabaldu zen Bretainarentzat. Bretainia Erregioko Kontseilu Nagusiak lurraldetasun afera historikoa berrartu zuen. Kontseilari Nagusiek Bretainiaren lurralde administratiboa batzearen aldeko nahia agertu zuten. Bere erabakiaren arabera, Bretainia herrialdearen ezaugarri historiko, kultural, soziologiko eta juridikoak azterturik, lurralde batasun historikoaren zatiketa aztertzeko unea iritsi da –auzi hau, beste bilakabide historikoan barrena izanda ere, Ipar Euskal Herrirako departamenduaren afera inguruan bizitzen denarekin parekatu genezake–. Bretainiaren batasunaren aldekoek badute bide luzea egiteko inondik ere. Alta bada, Nantais eta Loira eskualdeak Bretainian integratzea militante bretoi gutxiengo baten nahia izan da orain gutxira arte, eta egun, berriz, xede errealista bihurtzen ari da. Bi dira eragozle nagusiak, ordea.
Loira eta Nantais herrialdearen defendatzaileak batetik, eta Bretainiako ekialdeko Leon, Cornouaille eta Tregor eskualdeko biztanleak bestetik. Azken hauek, Bretainia herrialde galo bihurtzearen beldur dira. Alderik alde, Euskal Herriaren baitan, Nafarroaren kasua da Loira Atlantikoarena. Nola nahi den ere, Loira eta Nantaisko kultur erakunde gehienek Bretainiaren baitan ikusten dute beren burua, eta hiritarrek komunzki, Bretainiarekin garatzen dituzte beren afera ekonomikoak.


LOIRA BRETAINIAREN ALDE.

1986an egin zen lehen inkesta. Loirako hiritarrek honela erantzun zuten bretoia izatearen galderari: % 3,75k ez zuten erantzun. % 33,51 ez da osotoro bretoia kontsideratzen. % 16,10 inola ere. % 16,62 bretoiak dira, besterik gabe, erabat bretoiak % 33,77 izaki. Aurtengo martxoaren 7an, berriz, Loirako hiritarrei Bretainian sartzearen aldeko asmoei buruz galdetu zitzaien: Loira Atlantiarreko polulazioaren % 70 erreferemdum baten alde paratu zen; % 68 bateratzearen alde dagoelarik.
Manifestazioak ugaritu izan dira eskaera aldarrikatzeko. Jean-Pierre Chevenement barne ministro sozialistak honela zioen auzi honi buruz joan den martxoan: «

3.000 ibiltari eta inkesta baten gorabehera, ez da erreferendum bat eginen, ezta?
» Eta Patrick Mareschal, Nanteseko alkateorde sozialistak hauxe: «

Egun, Bretainia indarge dago lurralde zatiketa honen medio. Nantes ekonomikoki itsasoarekiko moztua dago. Ez gaude Europako mendebaldearekiko ondo lotuak, logikoena Loira eta Bretainia Erregioarekin bat egitea litzateke
». Jean-Yves Le Drian, Morbihaneko diputatu sozialistak hauxe zioen: «

Sozialista bretoiak batasunaren alde izan gara beti, baldin eta erreferemduma burutzen bada Loira Atlantikoan. Azken inkestek Bretainiako iritzi publikoa prest dagoela erakusten dute
».
UDB alderdi bretoi nazionalista tradizionalak honela erantzun zion Jean Pierre Chevenement ministro frantsesari: «

Barne ministro sozialistaren gogoaren aurka bada ere, segitzeko eredua ez da Belfort bere herrian, baizik eta Edimburgon. Horixe da eraikitzen ari den benetako Europa»

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburuak
2024-01-14 | Reyes Ilintxeta
Jose Mari Esparza. Ideia trafikatzailea
"Borrokaren beharra transmititu nahi dut, zerbait berria sortuko da, beti sortu da"

Jose Mari Esparza idazle, editore eta ekintzaile menderaezinak bere lanerako txokoan hartu gaitu, Altaffaylla Kultur Elkartea eta Txalaparta argitaletxearen sorlekuan, liburuz inguraturik. Gaztetan 20 urtez aritu zen Luzuriagaren Tafallako fabrikan lanean eta orain berriki... [+]


2023-11-27 | ARGIA
Eva Forest Liburutopia
Utopia letra eta kafe artean elikatzeko liburu-denda

Abenduaren 1ean inauguratuko dute Gasteizko Alde Zaharrean Eva Forest Liburutopia kafe-liburudenda. Proiektua “pentsamenduaren eta kulturaren hedapen eta gozamenerako topalekua” izatea nahi dute bere bultzatzaileek. Hilabeteko programazioa aurkeztu dute jada... [+]


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Eguneraketa berriak daude