Urte bat igaro da Lizarra-Garaziko Adierazpena egin zenetik, eta urte osoan gertaturikoa aztertzea, ezinezkoa zaidanez, hiru alorretara mugatuko naiz: bakegintza, naziogintza, sozialgintza, eta beren arteko loturak.
BAKEGINTZA. Lizarra-Garaziko Adierazpenean oso garbi esaten da, gatazkak jatorri eta izaera politikoa duela, eta konpontzeko ez dagoela beste biderik negoziazioa eta elkarrizketarena baino, azken hitza herriak izanik.
Lizarra-Garazikoek, behin eta berriro azaldu dugu geurea ez dela soberania lortzeko akordio bat, ezta eraikuntza nazionalerako hitzarmena ere, euskal gatazka konpontzeko bide demokratikoa baizik. Gatazka politiko bati negoziazioaren metodologia aplikatu nahi diogula, alegia, jokoan dauden interes eta ikuspegi desberdinak kontuan harturik. Zoritxarrez, PPk eta PSOEk erantzuten digute Lizarra-Garazi ez dela bakerako foru bat, errebindikazio nazionalistak bultzatzen duen fronte bat baizik. Nola liteke tamainako inkomunikazioa?
Aitortu behar dugu, aitzakiak eta trikimailuak ez ezik, badagoela, bake bidean inplizituki dagoen dimentsio politiko bat, bi partidu horiei oso gogorra egiten zaiena; hogei urte iraun duen aro baten amaiera. PPk eta PSOEk oso ondo dakite, Ajuria-Eneko garaietan ezinezkoa zela Udalbiltza bezalako ekimenik, edo presoen inguruko adostasuna; ezta Espainiako Konstituzioa auzitan jartzea ere. Bakearen auziak, haitz sendo batek bezala, sustrai oso luzeak eta sakonak ditu, zenbait tokitara heltzen direnak.
Euskal Herriak gatazkaren auzia konpontzeko azken hitza lortuko balu, demokrazian sakontzeaz gain, abertzaleek eskatzen dugun autodeterminazio eskubidea praktikan jarriko genuke, horrekin, Euskal Herria erabaki sujetua bihurtuz. Lizarra-Garazi bakegintzarako gunea denez, bere jarduera bere horretara mugatu behar du, kontrarioei aitzakiarik eman gabe, eta bakegintzan lan egin nahi duen orori bere ateak irekiz.
NAZIOGINTZA. Baina, kontzienteak izan behar dugu ere, demokraziak gure herriko nazio eskaerarekin bere lotura duenez, demokraziak berak interpretazio desberdinak izango dituela. Are gehiago, hauteskundeetan gertatzen denarekin egingo dugula topo. Nolako emaitzak halako bultzada edo kolpea jasoko baitu Lizarra-Garazik.
Demostratu behar dugu, naziogintzan egiten diren ekimen guztiek, gizarte osorako eginak direla. Hitz batez, gure egitasmo nazionala, benetan plurala izango dela, aldarrikatzen dugun Euskadi libre hori irudikatuz, zeinean, hemen bizi eta lan egiten duen orok bere tokia izango duen.
SOZIALGINTZA. Aldi berean, sozialgintza ezin da kontsideratu arreba txikiena edo gure ekinaren senide pobreena bailitzan. Seguraski hemen denok ez dugu edango iturri beretik, naziogintzan edaten ez dugun bezala, baina, «soldata sozialaren eta 35 orduko lan astea» aldeko grebaren inguruan gertaturikoak adierazten digu, zenbait gaitan, bakoitzak bereari eutsi behar diola, naziogintzan edo bakegintzan sorturiko aliantzen menpe egon barik. Patronalak gauza bera egiten du, bakea denon onerako dela esan, eta aldi berean sindikatuei gerra aurpegia eskaini.
Horrez gainera, kontuan izan behar da, sozialgintza ez dela justizia sozialari dagokion arazo soila, naziogintzarekin zer ikusirik ez duena. Aitzitik, gaur egun, PPri eta PSOEri botoak ematen dizkioten askok eta askok, beste erara ikusiko gintuzkete, udaletxetan, instituzioetan, sindikalgintzan, sozialgintzan, errebindikazioak plazaratzen aurrenak ez ezik, zuzenak eta justuenak ere baginateke.
Eta justiziaz ari naizenez, bi hitz gehiago. Boteretik datorrena edozein modukoa izan daitekeela baina ez itsua, hori seguru. Eta itsua ez delako, badaki zein astindu: Itoizko solidarioak sartu nahi dituzte kartzelara, Nafarroako Gobernuko erantzuleak sartu beharrean. Eta Ertzaintzak Jaizkibel konpainiako lagunak jipoitzen jarraituko du, Hondarribiako alkateak legea bete dezan behartu beharrean. Espainiako armagintzak bere bezeroei BEZ kobratu gabe segituko du, baina liburuak erosten ditugunoi, kobratuko digute. Eta PPkoek, inoiz ez dute gaitzetsiko Francoren matxinada, eta hala ere, beraiek baino bakezaleagoak ez daudela munduan aldarrikatzen jarraituko dute. Eta jakina, Meliton Manzanas torturatzailearen senideei kristoren erreparazioa emango zaie, eta Orereta-Errenterian poliziak hildako herritarren senideei, sosik ere ez