Amaitu berri da uda. Ni bezalako arrain txiki batentzat (
kabuxa idaztekotan egon naiz, baina ez dakit Gipuzkoatik kanpo hitz hori ulertzen den) tristura apurra ekartzen du. Udaran itsasoan sartzea eta gorputz osoan ur gaziaren igurtzi fresko pikaroa sentitzea atseginik gozoena da niretzat. Egunero joaten naiz bustialdi desiatuaren bila. Goizeko lehenengo orduetan edo iluntze aldera, igoal eguerdiko partean. Ahal dudan tartetxoan egunero joaten naiz... bakarrik udan. Urte osoan joaten diren
kamikazeei meritu handia ikusten diet, baina ez gara kofradia berekoak.
Baditu, hala ere, udak bere alderdi desatseginak. Berarekin, esaterako, bi kontu ekartzen ohi ditu: beroa eta zarata. Biak batera erabiltzea da niri egin diezadaketen tortura moetarik gogorrena. Dosis egokietan erabiliz gero, denbora laburrean zora ninteke. Ihes egiten diet biei eta hamaika trikimailu asmatu ditut, besterik ezinean, biak gainditzeko. Beroarekin kontatu dizuet. Bestalde, ez naiz –zoritxarrez maiz gertatzen denez– obsesionatzen zarata dagoenean. Japoniarren errefrau zaharra hartzen dut goiburu: «Ez minik eman zaratari». Ur tanta baten erorketa erritmikoaren soinuak ez dit loa galerazten. Zaratak handixeak direnean eta ihes egin ezinean banago, belarri zuloak estaltzeko sortu diren tapoi klase guztiak ezagutzen ditudanez eta beti eskura izaten ditudanez, ez dut arazorik izaten. Baina
Megafonia tartean dagoenean, gaindituta nagoela aitortu behar dut.
MEGAFONIA deitzen zaio arma merke eta oso kaltegarri bati. Aldaera asko ditu, baina gero eta indartsuagoak eta merkeagoak saltzen dira. Edonork eros ditzake –baita umetxoek ere!– eta etxeetan eta kaleetan erabili inongo eragozpenik gabe. Ondorioak, ordea, oso gogorrak dira. Urtero jende asko gaizki bizi da arma horien erabilpenaren ondorioz. Beste asko gaixotu egiten dira eta, bera dela medio, botika lasaigarri ugariak hartu behar izaten ditu jendeak.
Gaur egun hemengo hauek dira modelo erabilienak:
Gaztemobilpunpun: Automobiletan kokatzen dira, gorri eta beltzetan batez ere. Masokistek erabiltzen dituzte gehienbat beren buruei min emateko. Kaleko ibiltariengan gidariarenganako kupida sentimentuak sortzen dituzte.
Puberogoikoa:
Pub izeneko taberna berezi batzuetan jartzen dira.
Pub horietan oso kontu harrigarriak gertatzen dira. Esaterako, insonorizazio obra garestiak egiten omen diren arren, ateak eta leihoak zabalik uzten dituzte. Inguruko auzokoak sikiatren adiskide izaten dira.
Barraka borroka: Herriko festetan jartzen diren barraketan aurkitzen dira.
Txotxona zozketatzaileak armaren potentzia igotzen du,
Txutxu trenak berea estaltzen diolako. Honek, berriz, hura garaitzeko eta ondoan duen
Izuaren Etxekoa menperatzeko berea igo behar. Eta horrela «Zarataren espirala» deitzen den fenomenora iritsi arte: bertan egoterik ez dago (osasuna arriskuan jarri gabe behinik behin) eta inork ez du ezer ulertzen.
Koñtzertu (Koñazoa zertu): Tamainaz handienak hauek dira. Zerraldo moduko kaxa handiak ezartzen dituzte oholtza baten gainean eta atsalde osoz
teknikari izeneko borreroek astinduak ematen dizkiote (bateria kolpez edo
meseoye?-ka) auzoko siesta gogoari. Borreroak afaltzera joatean grabazio bat jartzen dute martxan gaitzak bere lana jarrai dezan. Eta gaua iristean leherketa etortzen da: Hiroxima-Nagasaki dezibelioetan. Bereziki kaltegarriak gertatzen dira herri gehienetan dauden enparantzetan antolatzen direnean: Richter-en eskalan 7. mailara iristen dira sarri.
SUZKO armetan Ameriketako Estatu Batuetan dagoen joera bera omen dago Espainian megafonia arma arriskutsu honekin, ikerketa eta inkesta guztiek aditzera ematen dutenez. Eta euskaldunok honetan, gazteak batik bat, oso espainolak omen gara (baita abertzale ustekoak ere). Agintariek zer egiten dute arazo honen aurrean? Gehienetan ezer ez. Arrazoi onez diote beraiei ez dietela hainbesteko molestiarik ematen. Egia da gorrarena egiten ohituta daudela.
Nik uste dut kontu honetan Unibertsoko Lege Nagusietako bat gertatzen dela: ez da ona arrazoia goizegi izatea. Eta oraindik, gertutik sufritzen dutenez gainera, inor gutxi konturatzen da arma honen arrisku potentzialaz. Berrogei urte barru, arma horien erabiltzaile gehienak (bizirik geratuko direnak) gortuta egongo direnean, orduantxe hasiko dira arazoaren tamainaz jabetzen.
Bitartean kontuan hartu honetaz foniatra guztiek ematen duten kontseilua: hitz egin nahi diogunak zenbat eta bolumen handiagoz zarata sortu, guk hainbat eta gozoago hitz egin diezaiogun. Entzun agian ez digute egingo, baina Megafoniak ez digu berarekin Mega Afoniarik ekarriko