JAPONIAKO ALARMAK GAROÑARI ERE ERAGITEN DIO

  • azken istripu nuklearrak alarma guztiak piztu ditu mundu osoan. Garoñako zentral nuklearrari ere eragin dio. Duela gutxi, hala ere, 10 urterako luzapena eman zaiola jakin da.

1999ko urriaren 17an
Tokaimura. Orain arte ez zuen inork ezagutzen Japoniatik kanpora. Orain, berriz, mundu guztiak ezagutu du. Bere garaian, berdin gertatu zen Ukraniako Txernobilekin edo Estatu Batuetako Three Mile Islandekin. Tokiotik 120 kilometrotara dagoen 35.000 biztanleko hiri txiki honen izena azken hamarkadako hondamendi nuklearren zerrendan sartuta geratu da. Txernobilen 1986an gertatu zen inoiz izan den istripu nuklearrik larriena. Horren atzetik, 1979an EEBBetako Three Mile Islanden gertatutakoa jotzen da larrientzat. Hauen jarraian paratuko genuke Tokaimurakoa.
Japoniak 51 erreaktore ditu eta bertako elektrizitatearen % 35 jatorri nuklearrekoa da. Istripu hau erabateko hondamendia izan da energia nuklearrarekiko halako menpekotasuna duen herriarentzat. Lerro hauek argitaratzerako heriotzaren bat gertatuko zen, hiru langile oso egoera larrian baitzeuden. Eta ziurraski istripuaren ondorioak ofizialki onartutakoa baino askoz harantzako iritsiko dira.


ALARMA KUTSAGARRIA.

Txernobilek eragindako alarma mailara iritsi ez bada ere, garbi dago istripu honek ere alarma gorria piztu duela mundu osoan, eta baita Euskal Herrian ere. Energia mota arriskutsu honek geroz eta ikara handiagoa eragiten du jendearengan. Gainera, gaur egun, komunikabideen indarrez, geroz eta zailago gertatzen da honelako gertaerak ezkutatzea.
Japoniako istripuak ondorio larriak izan ditu, milaka pertsonari etxe barruan geratzeko agindu zitzaion, Tokaimurako biztanleek, kezkati, beren erradiazioa neurtzera jo zuten tropelka eta gobernuak 350 metroko perimetroa inguratu eta itxi zuen, kutsadurak sor zitzakeen arazoak ekidin nahian.
Gobernu japoniarrak informazio gutxi eta nahasia eman zuen. Orain jakin da lantegi nuklear hau segurtasun arau ofizialak urratuz aritu dela lau urtez. Bertako langileei uranio aberastua altzairuzko edukinontzi arruntetan manipulatzen utzi zien enpresak. Uranioaren ihesaldia kontrolatzerako 20 ordu igaro ziren, eta horrek ere nabarmen erakutsi du agintariek energia nuklearrarekiko duten zaintze maila. Ofizialki 49 lagun eragin zituen erradiazioak, eta horien artean lantegiko hiru langile.
Gobernu japoniarrak salatuen aulkian eseri beharko luke, gerta zitekeen istripu «garrantzitsu» bati aurre egiteko gailuren bat jarrarazi gabe, 1993an lantegi hori ireki zedin onartu izanagatik. Gobernuaren jarrera hainbat ikerlarik salatu du. Yoichi Fujimoto eta beste zientzilari japoniar batzuen ustez, istripu honek «

zalantzan jartzen du Japoniako industri nuklearra. Aurrerantzean askoz zailago izango da jendeari energia nuklearra segurua dela sinestaraztea, nahiz eta herri honek energia nuklearrik gabe bizitzeko zailtasunak izan
».
Alarma nuklear horrek bere eragina izango du Araba, Nafarroa eta Bizkaiko lurretatik hain hurbil dagoen Garoñako zentral nuklear zaharkituaren inguruan bizi direnengan. Zentral nuklear hau 25 urterako prestatua egon arren, 28 urte daramatza jardunean, eta duela gutxi beste 10 urterako luzapena eman zaio. Bat etortze hutsa bada ere, Japoniako istripu nuklearra gertatu zen egun berean Burgoseko Udalak, PSOE, IU, NI eta Tierra Comuneraren botoei esker –eta PPren aurkako botoarekin–, Garoña ixteko eskatu zuen, EAE, Nafarroa, Errioxa eta Aragoiko erakundeen eskariekin bat eginez.
Eguzki mugimendu ekologistako bozeramaileek jakitera eman dutenez, Garoñako erreaktorearen ontziaren estalkian pitzadurak ageri dira eta zigilu mekanikoekin konpondu dira. Eguzkik dioenez, honelako egoeretan emisio erradioaktiboak gertatzeko arriskua dago. Gainera, Ebro ibaiaren sedimentuetan isotopo erradioaktiboak atzeman dira, eta, horren ondorioz, zentral horretako arduradunek onartu egin behar izan dute ur erradioaktiboak ihes egin izan diela

Lemoiz, irakaspen egokia munduarentzat

Japoniako istripua ikusirik, guk arrazoi pozgarri garrantzitsuak ditugu geure buruari, eta munduari, eman genion irakaspenaz harro egoteko. Gure itsasertza nuklearizaturik ikusteko arriskuaren menpe bizi behar izan dugu hainbat urtez. Azkenik mamu nuklearra geraraztea lortu genuen. Herriak gogor ekin behar izan zion borrokari, une jakinetan ETAren borraka armatua ere gehitu zitzaiolarik.
Tamalez, helburu hori lortzea garesti ordaindu behar izan zen: hainbat pertsonak –langileek, ingeniari batek, ETAko hainbat militantek– bere bizia galdu zuen, beste asko atxilotuak izan ziren eta urte luzez egon behar izan dute espetxeetan. Gainera, Iberdrola enpresari –lehengo Iberduero– argia ordaintzen diogunean, eraikuntza horren amortizazioa ordaintzen jarraitzen dugu.
Urrun gelditu dira Arzalluz eta Garaikoetxeak energia nuklearraren eta Lemoizen alde egindako adierazpenak. Egun lotsa pixka bat sentitu beharko lukete, Iberdueroren ez-legezko jarduera hura eta energia nuklearraren iturria defendatzeko ziotena ikusita: Lemoiz irekitzen ez bazen Euskadik «

kandelekin ibili
» beharko zuen eta «

azak landatzetik bizi
» beharko zuen. Borroka hura oso kontuan hartu beharko litzateke Garoñako zentralaren aurka egiteko. Zorionez, Itoizkoek Lemoizko irakaspenaren bidetik jo dute

EZTABAIDA ANTINUKLEARRA ZABALIK EUROPAN
Tokaimurako istripuak, erantzukizun eta segurtasun arazoak eragiteaz gainera, indar berri bat emango dio mugimendu antinuklearrari, nagusiki Alemanian, hurrengo 20 urteetan zentral nuklearrak ixteko konpromisoa hartu baitu gobernuak. Frantzian ere ekologistek zentral nuklearrei buruzko eztabaida sakona irekitzera behartu dute Jospin. Euskal Herrian ere, Garoñako zentralaren harira, berriro indartu da eztabaida antinuklearra.
Energia nuklearrak, ordea, ez du etsitzen. Datozen 20 urteotan munduko energia premia hirutan biderkatuko da. Bestalde, produkzio elektrikoaren iturburu nagusien erabilera (ikatza, petrolioa eta gas naturala) murriztu egin beharko da, Aldaketa Klimatikoaren Hitzarmeneko eskakizunen ondorioz. Ingurugiroaren aldeko taldeak aurka egon arren, energia nuklearra ageri da energia krisiaren konponbide gisa. Alemania eta Suedia beren instalazioak desagertaraztekotan dabiltzan bitartean, energia iturri honen aldekoek diote hurrengo hogei urteak igaro baino lehen ezinbestekoa gertatuko dela energia nuklearraren erabilera berrindartzea.
Alemanian Tokaimurako istripuak indar berriak eman dizkie energia nuklearraren aurkakoei, baina duela bi aste energia nuklearraren aldeko lobby (presio talde) atomiko indartsua heldu da. Lobby honek, 570 zientzilariren sinadurarekin, energia nuklearraren aldeko memorandum bat aurkeztu zuen. Japoniako istripu nuklearraren ondoren, Gerhard Schröder kantziler federalak berehala erreakzionatu zuen eta zentral nuklearrak itxiko zituela mehatxatu. Berak iragarri zuenez, energia atomikoa uzteari buruz industrialekin dauzkaten elkarrizketek aurrera egiten ez badute, zentral nuklearrak ixteko legeria bultzatzeko prest dago. Orain arte Tritin Ingurugiro ministroak –berdeen taldekoa– idatzitako lege proiektuak gerarazten saiatu bada ere, ekologistekin dituen akordioak bultzatzearen alde agertu da orain.
Alemaniak 19 zentral nuklear ditu eta gutxi gorabehera bere energi premien % 36 estaltzen du horrekin. Gobernuak energia nuklearra alde batera uzteko pixkanakako plan bat proposatu du, luzeenez ere 25 egutegi-urtetan deuseztatzeko. Industria nuklearrak, berriz, desnuklearizazio hori 40 ustiapen-urtetan burutzea eskatzen du. Urteak horrela neurtzeak ohiko egutegi-urte bezala ulertzen duguna baino askoz urte gehiago esan nahi du.
Frantzian zenbait aste daramate ekologistek borroka antinuklearrean eta, inolako zalantzarik gabe, Japoniako istripuak adore emango zien horretan jarraitzeko. Frantziako elektrizitatearen % 76k jatorri nuklearra du. 57 zentral nuklear ditu jardunean, eta Lituania txikiaren ondoren, energia nuklearrarekiko menpekotasun handieneko herrialdea da.
Duela hilabete Frantziako lehen ministro Lionel Jospinek, bere gobernukide dituen Berdeei zuzendurik, zera esan zuen: «

Hitz ematen dut zentral nuklearren parkea berritzearen inguruko eztabaida zientifiko eta tekniko sakon bat bultzatuko dudala
». Berdeek, EPRren (European Pressurizef Water Reactor) aurkako beren argudioak kontuan hartzen ez baziren, «

gobernuaren leherketa nuklearra
» eragingo zutela adierazi zuten.
Sozialistekin, erradikalekin eta komunistekin gobernuan daramatzaten 27 hilabeteetan, ekologistek garaipen bakar bat eta porrot ugari izan dituzte energia nuklearraren arloan. EPR proiektuak Frantziako zentral zaharrak eta Alemaniako 19 zentralak ordezkatzeko balio behar du.
Zentral horiek 40 urte inguruko batez besteko bizia dute eta 900-1.450 megawatio produzitzen dituzte. Nahiz eta proiektu horrek segurtasun neurri handiagoak hartzen dituen kontuan, aurreikusten zutena baino garestiagoa ateratzen zaie (375.000 milioi pezeta inguru, 15.000 milioi libera inguru). Berdeak plan horren aurka jarri dira eta zentral nuklearrak ixtearen alde.
Behatzaile batzuen arabera, Berdeek erreferendumak eska ditzakete, maximalistak izan daitezke beren eskakizunetan; Jospinek, berriz, denbora igarotzen utz dezake, 2003. urterainoko baimena baitu behin betiko baietza edo ezetza emateko. Eta nork daki garai horretan bera ez ote den izango Errepublikako lehendakaria... Hori zioten Japoniako azken matxura nuklearra gertatu aurretik.
Alarma nuklear berri honekin, prozesu guztia bizkortzeko aukera izan dezakete Frantziako ekologistek


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sare sozialak
2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Software librearen aldeko apustua Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalean

Software jabeduna utzi eta librera jauzia emateko helburua du Alemaniako Schleswig-Holstein estatu federalak. Hasteko, proba pilotu arrakastatsu baten ondoren, Microsoft Office baztertu eta LibreOffice erabiltzen hasiko dira administrazioan. Aurrera begira aldaketarekin jarraitu... [+]


Helena Agirre (filosofoa): “Incel komunitatea gizon heterosexual zuri misoginoen gordeleku bihurtu da”

Incel, involuntarily celibate hitzetatik hartutako terminoa da. Euren nahien kontra harreman sexualak izateko gai ez direla dioten pertsonez osatutako komunitate birtuala da. Batez ere, gizon heterosexual zuriek osatzen dute ‘azpikultura’ hau. Metropoli Forala... [+]


Influencer bihurtutako umeak: familia negozio gisa ulertzen denean

Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude