argia.eus
INPRIMATU
HAUSPOA IZATEN JARRAITUZ
2021eko uztailaren 19a
Bizkaian lehenak izan ziren programazio osoa euskaraz eskaintzen. Orain, 26 urte geroago, betiko leloari eusten diote, alegia, irrati ireki eta bizia izaten segitzea.

«Gure entzule eta laguntzaile jatorrek ezagun egin gaituzte Bizkaia osoan. Beraiei zor diegu beraz, kalitatean apurka apurka gora egitea»
azaltzen digu Juan Mari Iraolagoitia zuzendariak. Honako hauek ditugu programazio berriaren zutabe nagusiak: «Aupa Bizkaia» eguneko lehen albisteak Jabi Onaindia eta Dorleta Alberdiren eskutik. Gero, meza Begoña edo Ondarroatik. Horren ostean «Jirabiran» goizeko magazina aireratzen da, Libe Agirre eta Kepa Uriartek aurkeztua, non gai guztiak jorratzen diren: kultur berriak, kirolak, lehiaketak, bidaiak, sukaldaritza eta abar. Antzeko edukia dauka arratsaldeko «Bilintzi balantzaka» magazinak, Miren Ezkurra, Koldo Isusi eta Zaloa Jaka mikro aurrean direla. Tartean, «Kantuka eta kontuka» eguerdiosteko musikala dator. Gaueko 9:00etatik 10:00ak arte «Gau dantza» musikal berezia, Miren Ezkurra eta Zaloa Jakak gazteen eskaera eta mezuekin hornitzen dutena. Ondoren, «Izar Argitan»en txanda da eta azkenik, «Amets giroan», gau osoan zehar musika atseginari bide emanez.
Euskara gehien mintzo den eskualdetakoak dira entzuleak: Lekeitio, Ondarroa, Bermeo, Gernikaldea, Mungialdea, Arratia, Galdakao eta Durangaldea. Hori dela eta, ez diete CIESen inkestei jaramonik egiten % 80 Bilbo hirian egiten baitira. EHUri eskaturiko azken neurketaren arabera 31.000 entzule finko ditu Bizkaia Irratiak. Irrati komertziala izanik, makina bat kuña sartzen dituzte, nahiz eta horretarako prezioak zertxobait jaitsi behar dituzten. Juan Mariren esanetan

«gure ostean eliz barrutia badago ere, libre gara nahi dugun programazioa taxutzeko. Dirurik ez galdu, hori da eskatzen diguten gauza bakarra» MONICA DEL VALLE