Herrialdea hiru zonaldetan zatikatzen duen Vascuence Legearen arabera, Iruñerria zonalde mistoan dago. Eremu honetan euskarak atzera egin zuen nabarmenki garai batean baina azken urte hauetan indartzen ari da. Indartze honetan ikastolen mugimenduak eta helduen euskalduntze eta alfabetatzean diharduten erakundeak erabakiorrak izan dira.
Jaso Ikastola barne hartzen duen Barañain herria ere zonalde honetan sartzen da, mistoan. Herri honetako euskararen egoeraren berri zehatzago jakiteko 1996an Siadecok egin zuen azterketa soziolinguistikora jo dugu. Azterketa honen arabera, gero eta gehiago dira euskaraz hitz egiteko gai diren barañaindarrak. Euskara urte askotan itzalpean egon da eta oraindik ahozko erabilpena txikia izan arren, itzalpe horretatik argira ateratzen ari da.
Euskararen erabilpen eta ezagutza zabalagoa da haurren artean; honetan, noski, ikastolak zerikusi handia izan du. Biztanleriaren adinak gora egin ahala euskararen ezagutzak behera egiten du. Baina hau ere aldatzen ari da, izan ere euskalduntze prozesuan murgiltzeko asmoz IKAk Barañainen duen Sahatsa euskaltegian izena ematen dutenen kopuruak gora egin du azken urteotan. Pixkanaka bada ere, beste zenbait esparrutan ere euskara aurrera doa, hala nola, adminitrazioan, aisialdian, merkataritzan...
Siadecoren azterketa honek herriaren egoera hobeto ezagutzen lagundu dio Barañaingo udaletxeari eta honen arabera zehaztu dute hurrengo urteetarako hizkuntz plangintza. Plangintza hau bi ardatz nagusitan egituratzen da: giza taldeak eta hizkuntza tipologiak alde batetik eta esparruak bestetik (administrazioa, kultura, irakaskuntza, aisialdia...).
Administrazioari dagokionez, udaletxean eginiko elkarrizketatan ikusi denez, udalak indarrean dagoen legea bete eta biztanleen eskaerak asetu behar ditu; beraz, hizkutzaren normalizazioaren aldeko jarrera hartu du.
Aztertu duten beste esparruetako bat irakaskuntzarena izan da. Hiru faktore dira alor honetan bat egin behar dutenak: motibazioa, ezagutza eta erabilera. Motibazioa oso altua da eta honek belaunaldi berrietan ezagutzak gora egitea ekarri du; erabilera, ordea, baxua da oraindik.
Azkeneko atalean gizarte esparru ezberdinak hartu dituzte kontuan. Esparru hauetan erabilera indartzea da helburua, hizkuntza baten normalizazio prozesuan ezinbestekoa baita ikasten den hizkuntza hori erabiltzea, hizkuntza bizia bihurtzea, alegia. Atal honetan gizarteak hartu behar du bere gain normalizazioaren ardura. Udalaren zeregina euskara ahoz eta idatziz erabili ahal izateko aukerak sortu eta ziurtatzea izango da