argia.eus
INPRIMATU
ANOREXIAREN BESTE IKUSPEGIA
Jabier Agirre 1999ko urriaren 17a
Aurreko ale batean Osakidetzako datuak eta iritziak aipatzen bagenituen, oraingo honetan txanponaren beste aldea aipatuko dugu. Eta basoa erdi-beteta edo erdi-hutsik ote dagoen eztabaidatzen hasi baino lehen, esan beharra dago desberdintasun handiak daudela arazo berari (anorexiari eta bulimiari, alegia) heltzeko orduan.
Bilbon uztailaren aurreneko egunetan anorexiari eta bulimiari buruzko nazioarteko kongresu bat ospatu da, eta aurkezpeneko ekitaldian esandakoei begiratzen badiegu, Osakidetzaren (hau da jarrera ofizialaren) eta gaitz honen inguruan mugitzen diren beste hainbat erakunderen artean desadostasunak oso handiak dira, gaixotasunak afektatzen duen biztanleriaren kopurua, eta baita gaitzari aurre egiteko arreta eta tratamendu-neurriei dagokienez ere.
Aldakuntza elkarteak antolatu ditu jardunaldiak, eta bere ustez 9.000 kasu egon omen ziren 1997an, 1998. urtean 20.000raino igo zirenak. Elkarteak ikerketa epidemiologiko serio bat egitea eskatzen dio administrazioari, Euskadin gaitzak jota daudenen kopurua zein den zehazki jakiteko. Bestalde, kongresu horretan parte hartu zuten adituek (Garfunkel australiarrak, Turon Bartzelonako psikiatrak edo Vandeputte belgikarrak, beste batzuen artean) anorexia gaixotasun mentalen artean hilgarriena dela adierazi zuten, nahiz eta kasuen % 70 senda daitezkeela onartu