argia.eus
INPRIMATU
ALDEKO LEGEAREN IZPIRIK EZ
  • bada ere, lehen legearen mantsotasunak sutu egiten zuen. Nafarroan 1986 urteraarte euskarari eskolarako lege eskubiderik ez zitzaion onartu.
1999ko urriaren 17a
Erranen du, liburua denik ere ez dagoela ziur, «

liburua baino gehiago, agian liburuxka da, edota akaso debozionarioa
». Debozio gaitzarekin izkiriaturik dagoela, eta honexegatik.


Amankomunezko historia

Jaso Ikastola laguntzearren ospatuko den aurtengo Nafarroa Oinezen aitzakiarekin otu zitzaion Jesus Atxari ikastolen inguruko liburuxka idaztea: «

Jaso Ikastolako historia soilik idatzi beharrean, haria lehenagotik hartzea pentsatu nuen. Lehendabiziko ikastolak nola sortu ziren aipatu nahi izan dut, nondik nora hasi ziren ikusi, nondik nora joan jakin ahal izateko
». Zuberoako zoko orbelduetan, Arabako ordokietan, Gipuzkoaldeko itsasbazterrean, Lapurdiko etxe ttipi dotoretan, Nafarroako soro idorretan edota Bizkaialdeko industri tximinipetan izan, ikastola guztiek arrunt antzeko bide bat urratu dutela uste baitu zinez idazle ikerlari teorikoak.
«Ogitarteko» baten parera pentsatu idazkia da liburua: «

Egun jendeak ez du digestio luzerik egiteko astirik eta ogitarteko baterako aurkeztu nahi izan dut liburua. Liburu oso erraza da irakurtzeko, gatz eta biperrarekin zipriztindua, bertso batzuk tartekatzen direla, pasadizo xelebre batzuk, marrazkiak eta abar
».


Inoiz ez euskararen alde

Baten irudikotz, nekez sutuko zela zirudien Jesus Atxa, bihotzarekin hitz egin arren, honen dardarari eusten baitio. Aldiz, eukararen erabilera politikoa aunitzetan entzun ohi den lelo-kantua izaki, orduan onartzen du, sutzen dela. «

Aizu, 1970. urtean izan zen lehendabiziko aldia gaztelaniaz gain lege aldetik beste hizkuntzak aipatzen zirela. Ez zen, noski, euskararen aldeko lege bat izan, baina aipamena egon bazegoen. Ordura arte denak debekuak ziren. Eta hau ez al zen euskararen erabilera politikoa?. Espainiak eta Frantziak egin duten guztia politika baino ez da izan. Kontua da politika besterik ez dagoen honetan, alde eta kontrakoak daudela
». Eta hau ikastola guztietan amankomuna da: «

Nik askotan esaten dut izugarria dela nolatan euskarak iraun duen eskolarik gabeko hizkuntza izanik, lege guztiak bere aurka zituela. Pentsa, Nafarroan adibidez 1986 urtea arte euskarari eskolarako ez zaio lege eskubiderik onartu. Atzo arte horrela ibili garela eta gogoratu beharrekoa da
».


Legetan piruetak

Xamurki hitz egiten duenez arras gozatzekoa da bere mintzaira. Nafarroako Ikastolen Federazioak Iruñean duen egoitzan hartu gaitu. Urteak daramatza ikastolen iragana arrotzen eta armairuak lepo bete ditu artxibo, koaderno, agiri eta folioekin. Gordeta dago adibidez 1970. urtean Iruñean lehen ikastola izan zen Irantzukoa zabaltzerako erosi ziren gauzen salneurri agiria. Mila eta hirurehun pezeta aulki, arkatz, borragoma, mahai eta folioetan.
Hartara, legerik ez, aldekoak bederen, eta izan direnean, hauen zirrikituetan ikastolek piruetak egin behar izan dituztela aurrera egin ahal izateko azpimarkatzen du. Kezka ere badu: «

Batzutan pentsatzen dut gaur egun ez ote diren ikastolak lasai samar sentitzen legeetan, inork ez duela ezer eztabaidatzen. Hauek ez dira gure legeak, eta gureak izango bailiran hartu ditugu. Pribatu eta publikotasunaren artean ikastolek jorratu duten erdibide hori baliogarria dela erakutsi dute. Hau ez da Espainiako edo Frantziako legeetan kokatzen. Pentsa, adibidez, zer nolako garrantzia duten gurasoen batzarrek, hauek onartu ezean ez dela ezer egiten. Logse batean aldiz, gurasoen biltzarrek ezer gutxi dute esateko. Honetan jarraitu behar dugu derrigorrez, gure eredua behin eta berriz moldatzen, asmatzen
».
Euskal Herriko herrialde guztietara hedatzen den erakundea izanik begi onez ikusten du halaber: «

Euskaldunon batasunaren kontua dago hemen, denok batera joateko, elkartasunaren bidetik. Horrelakoak beharko genituzke ekonomia, nekazaritza, industri... eremuetan. Mugetaz gaindi
».
Atxa irrikitan uzten dugu noiz urriaren 17ko Nafarroa Oinez iritsiko: «

Nafarroa Oinez, Kilometroak, Herri Urrats, Ibilaldia edota Araba Euskaraz bezalako jaialdietara hainbeste jende inguratzearen arrazoia ikastolen munduak izan duen herrikotasunaren oroitzapen historikoa da, herrietako gizon-emakumeek sortu baitzituzten ikastolak esfortzu handiz»