argia.eus
INPRIMATU
ZURE MAKETA GAZTE LEIHOTIK
1999ko urriaren 10
Arazoa izan da beti musikari eta sortzaileentzat bere buruaren eta lanaren ezagutaraztea. Alabaina, herri irratien mugimenduak argi erakutsi du 1981az geroz musika sormenaren sustengua irrati hauetan izan dela. Gure Irratia sorkuntzatik plazaratzeraino hor izan da musikari frangoren saihetsean. Herri kantaldiak zuzenean eman dituzte eta berdin euskal rockaren sorkuntza. Horren kariaz, orain ere «Gazte leiho» maketa lehiaketa bultzatu dute. Halaxe, Sacem, Eke, Agorila disketxea (CDa argitaratuko du) eta Baionako Gazte informazio bulegoarekin bat, pario hori altxatu nahi du sortzaile gazteek beren lana ezagutarazi dezaten. Musika mota guztiak onartuak dira, rock, folk, ohizko tresnak, bertsoak, abesbatzak,

a capella
eta beste, baldin eta testuak euskaraz badira.
Lehiakideek 60 egun ukanen dituzte maketa bat aurkezteko; honek bederen hiru kanta beharko ditu, biga bederen sekulan plazaratu gabeak. Bestalde, azal hertsi batean musika eta letren egileak dira adieraziko. Gure Irratiak kandidatu bakoitzarendako zuzeneko emanaldi bat eginen du, «Hiruak zuzenean» saioan. Zenbait programa Itsasuko Goxoki aretoan grabatuak izanen dira. Epaimahaiak bi onenak aukeratuko ditu. Saria berriz, CD baten argitaratzea eta itzuli baten antolatzea izango da, Baiona, Donostia, Gasteiz, Bilbo eta Iruñean kontzertuak emanez. Aukeratzeko irizpideak honako hauek izango dira: sormena, originaltasuna, hizkuntzaren kalitatea, musika instrumentala eta erritmoa. Lehiaketa 28 urte arte duten guztiei irekia da. Maketak aurkezteko epea azaroaren 15a da eta 2000ko urtarrilean sari emaiteak eta kontzertuaren antolakuntza. Epaimahaia ondorengo hauek osatuko dute: Anje Duhalde, EKE, Agorilako, Baionako Gazte informazio bulegoko eta Sacem-eko ordezkari bana, gehi 3 musikari ezagun

ALBERTO ELOSEGI