argia.eus
INPRIMATU
SUITZATIK ERORITA
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 1999ko urriaren 10
Oporretan Suitzatik ibilita, sorlekura berriz sartzean gehien txokatu nautenak ez dira Oreretan autopista bazterrean dauden etxetzarrak. Okzitaniatik barrena, Biarnoan zehar, etxeratze leuna egin dugu Euskal Herrira, Lapurdiraino. Hemen egin dugu topo berriro poza ematen dizun itsaso biziarekin: kresal usaina nabarmen sartu zaigu leihotik. Konta ezin ahala tokatu zaizkigun peajeen arteko beste bat gehiago da gaur –afrikarrentzako eta itxura susmagarria duten gazteentzako salbu– Frantzia eta Espainia arteko muga. Hori bai, Biriatuko zubia zeharkatzearekin, jabetuko zara espazioa ordenatzeko eta eraikitzeko bi modu ezberdinen arteko igarobidea egin duzula.
Baina Donostia parean ikusitako gauza batek esan arazi digu kotxean gatozenoi: «Kaka zaharra, lehengoak berak gaituk, espainol babo batzuk!». Polloeko tunela pasata, geroztik (joan den astean bertan) Zorroaga parean zabaldu duten irteerara heldu eta 60an joan behar dela iragartzen duten bi obra-seinale ttiki: obrarik ez dago –asteburua baita–, oraindik zabaldu gabe dagoen irteera traste gorri ttiki batzuekin dago blokatua... eta inor ez goaz 60an. Europako ardatz nagusietako bat den autopista Donostiatik pasatzean bezain gaizki seinalizatuta ez dago Suitzan, ezta Grishunetako herriskarik atzeratuena ere.
ZENBAT eta gehiago ezagutu Suitza –ikusteko irrikaz joan den bidaiari bat baino ez nauzu, baina herrialdetik ibili eta pertsonekin hitz eginaren poderioz beti ikasten da zerbait– orduan eta jakinmin handiagoa sortzen dit. Eta gauza askotan inbiria ere bai.
Konfederazioaz hitz egiten eta pentsatzen hasi den euskaldunak –euskaldunok elkarretaratzeko formula beharrezkoa izango den konfederazioaz, alegia– hori praktikan non eta nola dabilen ikusi beharra dauka. Udalen garrantzia sendotu nahi duenak –horra Udalbiltza– herri bakoitzaren burujabetasuna handia den Suitza horretatik pasa behar du. Hizkuntza ezberdinen arteko lehiak eta elkarbizitzak kezkatzen duen euskaltzaleak bezala.
Ordu gutxiko bidaiaren bueltan dagoen beste mundu bat da. Bere neutraltasun militarizatuarekin. Europako Elkartean sartu nahi ez eta azkenean sartu beharko duen segurantziaren beldurrarekin. Gerra hotzaren bukaeraren eraginarekin. Nazio legez duen etorkizunaz bere buruari galdezka. Diru asko, asko, asko... Gizarte moduan organizatzeko modu arrunt orijinal bat. Hain hurbil, eta hain ezezagun.
Batetik, euskaldunon historia berriro ikustera bultzatzen zaitu Rousseauren jaioterriak. Hainbeste gauza ditugu aztertu eta berrikusteko, hasi banderizoetatik eta gure begien aurrean jazotzen hasi den trantsizio berri honetaraino. Baina aldi berean –eta ikusi dituzunak Jean Ziegler baten desmitifikazioaren galbahetik iragaztea ahaztu gabe– herri honekin zer egin nahiko genukeen planteatzeko ere galdera ederrak jartzen ditu. Nazioa eraikitzeko lana politikari profesionalen gain hain erraz abandonatzen dugun herritarrontzako aurrera begirako pista ederrak ere bai.
Baden ondoko herri batean ikusi ditugu eta ez dugu ulertu zertarako ziren: soro batean zutik etxearen altuerako haga luze batzuk. Bertako gure lagunei galdetu diegu. «Zutoin luze horiek?». «Etxe bat eraikitzeko baimen guztiak lortuak dituenean, izango duen altuerako egurrak ipini behar ditu eraikitzaileak, eta bizilagunek beste aste pare bateko epea dute –egingo dien itzala-eta ongi aztertuta– ados ez badaude azaltzeko». Aita Balentin zoratzen ibiliko zen paraje hauetan. Nire lagun urbanitei berriz pitokeriak irudituko zaizkie.
Suitzatik Hernanira etxeratuta, Gipuzkoako Diputaziotik bisita egitea egokitu zait. Eta egunkari batean aurkeztu zuten Donostialdeko autobide berriaren maketa ikusi dut. «Bigarren gerrikoa» deitzen diote, eta sarreran bertan daukazu ikusgai. Oraindik nahastuta dauzkat tripak hura ikusi ondoren.
Sabel ahulekoa izango naiz, baina paiasaian eragindako txikizioek erotu egiten naute. Pentsa, zerutik amildu eta Gipuzkoako Errekalde-Irubide-Lasarteko basakeria ikusten duzunean... Orain, Hernaniko lurretan, Urumean gora datorren autobidea eta abiadura handiko trena aski ez baziren, Astigarragatik Oriamendi eta Galarreta paseaz ebakiko digute estrata berria. Beharrezkoa ote da? Seguru. Erasoko dituen herritarren bizimodua sobera ez kaltetzeko neurri egokiak hartuko ote dituzte? Orain artekoak ikusita, seguru... ezetz.
Gure politikariek ba omen dakite –bakoitzak bere modura– zerua lurrean nola antolatu, baina obra publiko bat txukun bukatzen ez dute oraindik ikasi. Aldiz, ez Hernanin eta ez Astigarragan erabaki ahal izango dugu herritarrok nola nahi dugun autopista berria pasa dadin gure lurretatik. Ez kopiatu inori, inork ez digu erakutsiko guri. Zeren eta, non bizi da hobeto Euskal Herrian baino?