Erretzaileen % 10ak eta gehiegizko edaleen % 20ak bere aztura horiek utzi egiten dituzte beren oheburuko medikuaren aholkua jaso ondoren. Hori dio behintzat Famili eta Komunitateko Medikuntzaren Espainiako Elkarteak jarduera prebentiboen eraginkortasunari buruz egindako txostenak. Ikerketa hori burutzeko 7.500 historial kliniko aztertu dira, 85 osasun-zentro eta 378 asistentzi unitatetakoak.
Tabakismoa da Espainiako aurreneko heriotza-arrazoia, minbiziaren heriotza guztien % 30aren erantzulea, eta zehatzago birikako minbizien % 90aren erantzulea; horretaz gainera, kardiopatia iskemikoak eragindako heriotza guztien % 30, edota biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoaren heriotzen % 90 ere tabakoak eragindakoak direla uste da. Alkoholismoari dagokionez, ikerketaren arabera 5 espainiarretik batek gehiegi edaten du, eta % 5 dira alkoholaren menpean daudenak. Eta zifra horiek dezente jaitsi daitezke, oraindik menpekotasunean erori ez diren pertsonei aholku sanitarioak emanez.
Hipertentsio arterialari bideratutako prebentzio –jardueren eraginkortasuna ere neurtu zuen lehenago aipatutako azterketak, hipertentsioa ia hiru milioi pertsona ukitzen dituen gaitza baita. Tronbosiak edota miokardioko infartuak ekar ditzake eta Espainian sortzen diren heriotzen % 10en erantzulea izaten da