argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL DEPARTAMENDUA: ATLANTIKOTIK KANTAURIRA
Mikel Asurmendi @masurmendi 1999ko urriaren 10
Pirinio Atlantikoak Departamenduaren Kontseilu Nagusia 52 kontseilariek osatua dago; Pauen egoitza izaki. Bere presidentea UDF alderdiko Francois Bayrou da. Kontseilari hauetako 34 Batzorde Iraunkorreko kideak dira. Hilabetean behin biltzen dira txosten arruntak aztertzeko. Kontseilari guztiak zortzi batzorde organiko eta bi batzorde berezietako kide dira.
Batzorde Organikoak honako hauek dira: Finantzak, Ekipamendua, Nekazaritza, Kirola eta Kultur Heziketa, Gizarte ekimena, Ekimen ekonomikoa, Ingurugiroa eta Hirigintza. Batzorde Bereziak: Turismoa eta Lurralde Antolaketa. Eskuduntza hauek guztiak, 1982 eta 1983an bozkatu ziren deszentralizazio legeen arabera kudeatzen dira. 1790 urtean eratu zelarik, 48 kantonamendu ziren berean, egun 52 kantonamendu dira, berriz.


2.295.000.000KO AURREKONTUA.

Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiak 2.294.950.608 liberako aurrekontua kudeatzen du urtean (57.373.765.080 pezeta). Gizarte laguntzarako –solidaritatea deitua– 822.414.000 libera erabiltzen du; % 49,56. Aurrekontuaren ia erdia. Azpiegiturak eta errepideak % 20,04 hartzen dute: 332.521.900 libera. Heziketa eta kulturak, berriz, % 12,59. Hau da, 208.930.900 libera. Garapenean % 8,73 erabiltzen du; 144.937.250 libera. Ingurugiroa eta Seguritaterako % 6,84 erabiltzen du; 113.434.231 libera. Azkenik, Kirolarako % 0,63 erabiltzen duelarik: 10.450.000 libera.


BAYROUREN ESTRATEGIA.

Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiak –Francois Bayrouren estrategia mediatikopean– bere departamenduari buruzko propaganda kanpaina jarri izan du abian oraindik orain. «Pyrénées Atlantiques» izeneko magazinaren lehen zenbakia igorri du engoitik departamenduko etxebizitza guztietara. 24 orrialdeko aldizkari hau, lauhilabetekaria izateko asmoz sortua, milioi bat liberako (25 milioi pezeta) kostua izanen du urteko; 263.000 aletan gastaturik. Bere lehen zenbakian hitz bakar bera ez dago euskaraz ez gaskoiez. Kurioski, berean ez da hitz bakar bat bera ere Ipar Euskal Herrian Euskal Departamendua aldarrikatzeko burutzen ari diren desmartxei buruz. Aldizkariak, ordea, Ipar Euskal Herriko Lurralde Antolaketari buruzko artikulu bat dakar. «Eskema» deritzan ekimena goraipatzen du, baita bere kudeaketaz arduratzen den Garapen Kontseilua, hala nola, Hautetsien Kontseilua ere bai. Argi uzten du Eskemari buruz bere iritzia: Lurralde antolaketarako tresna da, «

Pays edo herrialde
» baten antolaketaz arduratzen ez den bitartean.


BALIZKO DEPARTAMENDUA.

Euskal Departamendua antolatuko balitz, 261.400 bizilagunek osatua egongo litzateke: 3.000 kilometro koadro, 21 kantonamendu eta 157 komuna edo herri bilduko lituzke. Prefektura Baionan litzateke, eta suprefetura, seguraski, Maulen. Gaur egungo departamenduaren fiskalitatearen % 45 bertan kudeatzen da. «Liburu txuria» delakoak Euskal Departamenduak ekonomiaren garapena lagunduko duela baieztatzen du.
Administrazioaren alorretik hasita, 840 lanpostu berri sortuko lirateke Ipar Euskal Herrian: Kontseilu Nagusian 600 Prefeturan 100, eta Suprefeturan 40. Merkataritza Ganbaran eta bere adarretan, 100 lanpostu. Txosten honek dioenez, lanpostu hauetatik 450 Ipar Euskal Herrian bizi direnei eskaini beharko litzaizkieke; beste 390 Pauetik etorritako titularrentzako lirateke. Departamendu berriari esker, sortuko liratekeen zeharkako lanpostuak 975 inguru izatera irits litezke. Euskal Herria Departamenduaren aurrekontua 1.100 milioi libera ingurukoa izaki