Dagoeneko jakingo duzuen bezala, Orereta Ikastola da aurtengo Kilometroak jaiaren antolatzaile. Antolaketa lanetan buru belarri sartuta dabiltzan arren tartetxo bat egin, eta euren berri eman digute.
Lehenengo ikastolak 1924. urtean hasi ziren sortzen, gerrak prozesu hori eten egiten du eta gerra ondoren mugimendua berriz indartu egiten da. 1960. urtean EAJk mugimendu hau bultzatzeko konpromisoa hartzen du eta elizaren laguntzarekin ikastolak sortzen hasten dira.
Errenterian ere 1962. urtean gero Orereta Ikastola izango zena sortzeko zenbait bilera egiten hasi ziren. Urtebete beranduago, 1963an ireki zituen ateak ikastolak. Hamaika haur hasi ziren Arantza Mendizabal irakaslearekin batera. Hurrengo urteetan, haur kopuruak gora egiten zuen heinean, irakasle laguntzaileak behar izan zituen ikastolak.
Garai hartan ikastola bat sortzeko beharra ikusi zen Errenterian, euskarak ez zuen espresio kulturalik, bere transmisioa ahozkoa bakarrik zen.
Hamaika ikaslerekin hasi eta ikastolak bere historian ikasle kopuruan gora beherak izan ditu, noski. Hamaika ikasle horietatik gaur egun 1.100 ikasle dira eta 85 bat irakasle. Duela urte batzuk ia 1.800 ikasle zituen ikastetxeak.
1963. urtean hasi eta 1977. urtera arte ikasle kopuruari dagokionez ikastola hazten joan zen. Baina urte honetan ikasle kopurua behera egiten hasten da. Beherakada honek jaiotze tasarekin zerikusi handia du. Jaiotze tasa eta haurren matrikulazioak zerikusi handia dute, noski. 1978. urtean 155 haur matrikulatu ziren Orereta ikastolan eta 1992 eta 1993. urteetan 50 besterik ez ziren izan. Horren ondoren, 1997-1998 urteetan ikastolaren matrikulazioa egonkortu egin da eta urtean 75-80 haur inguru hasten dira ikastolan.
Orereta ikastolak gaur egun 0 urtetatik hasi eta 18 urte arteko ikasketa mailak eskaintzen ditu. Baina ez da beti horrela izan, hasieran haur hezkuntzako talde batekin hasi ziren. Ikastola handitzen joan da OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) eta ondoren batxilergoa sortu direlarik