argia.eus
INPRIMATU
MAHATSETIK MAHATSERA
Jakoba Errekondo 1999ko urriaren 03a
Mahastiak gorriztatzen hasi dira, udazkenean sartu gara eta negua aurretik hostoetan dagoen jaten apurra mordoetan pilatutako fruituetara eta enborra eta zainetara bideratzen hastean hostoetako klorofila berdea desagertu eta ezkutuan azpi-lanean ari diren beste pigmento batzuk azaltzen dira, gorriak, laranjak, horiak etab. Eguraldiaren bedeinkazioarekin fruituak gozo-gozo helduko dira.
Ardotarakoa bezela badira beste mahats batzuk ere. Azeri-mahatsa edo otso-mahatsa –

Arctostaphylos uva-ursi
– eta asta-mahatsa edo apo-mahatsa –

Tamus communis
– izen bereziak dituzten landareak adibidez.
Asta edo apo-mahatsa baso ertzetan edo zuhaitz tarte argi samarretan hazten da. Igokaria izaki, bihotz antzeko hosto berde bizi-bizi distiratsuak itxitura, zuhaiska eta zuhaitzetan gora zabaltzen ditu. Urte-garai honetan urtean hazitako zurtoina erabat soiltzen da eta fruitu gorri tortokak, zintzilik erakargarri agertzen dira. Fruituak diosgenina deituriko pozoin bat du eta hor egoten da luzaz inor jaten ez duela. Lurpeko zain potoloak bai ordea, horiek airera ateratzen dira. Kare oxalatozko kristal ugari du eta ubeldu eta odol-bilduak sendatzeko erabili ohi da. Frantzian «herbe aux femmes battues» deitzen zaio, kolpatutako emakumeen belarra, alegia, eta batez ere begiondokoak bereoneratzeko ona dela zabaldua da han. Panorama ikusita, bada ezpada, hemen ere landarea non dagoen ezagutzea hobe