argia.eus
INPRIMATU
BABAZORROEN OGI SAMURRA
2021eko uztailaren 19a
Gure herria pil pilean zegoela sortu zen Radio Vitoria. 1934ko San Migel biharamun hartan Euskadiko laugarren irratia eta Arabako lehena bilakatu zen. Hasieratik beraz, historiaren lekuko zuzena izan da, gure foruak galbidean jarri zituen gertaera lazgarrietatik hasita. 1936ko gatazkan, Lopez Adan «Beltza»k aipatzen du bere gaztaroan Radio Vitoria zela etxe guztietan entzuten zen sintonia. Diktadurapean, noski, arotik pasa behar: gidoiak Gobernu zibilera eraman behar ziren zentsurak hatzaparra sar ziezaien. Diskoetako hainbat kanta ere nahita arrailatzen zizkieten. 1966an FM jarri zuten. 1986an aldiz, stereoa eta CDa. Duela hiru urte, informatizazioa eta aurten berriz, Euskal Herriko lehen irrati digitala bihurtu da. Urtetan, Radio Cadena Españolarekin batera irrati bakarra izan zen Gasteizen, nahiz eta SER kateari atxikia egon. Duela 16 urte, EITBko lehen oposizioak egin ziren. Radio Vitoriakoak atera zituztenen artean, egungo zuzendaria J. R. Diez Unzueta dugu, baita Tele 5eko burua den Mikel Lejarza ere. Halaxe, irratiaren jabe zen Aurrezki Kutxa Munizipalak sortu berri zen EITBri lehen egoitza, frekuentzia eta langileak pasatu zizkion. Urteen poderioz, Zaldiaran eta Estibalizeko antenez baliatuz, oinarri gotorrak jarri ditu Radio Vitoriak. Aurtengo berritasunen artean honako hauek nabarmentzen dira: irratian 20 urte daramatzan Maria Angeles Cobasen «El Mirador Vitoriano» magazina. Halaber, «Club de amigos» 33 urte antenan egon ondotik, edukiak berritu ditu «Mas que un club» izen berria hartuz, Jeny Prietoren «Maritxu berritxu», Alaves eta Tau Baskoniari jarraipen bereziak, M. Fiz eta J. Oiartzabalen «Rompetechos y Correcaminos».
Txema Montoiaren «Gasteizko hondartzak» liburu atseginean nabari da Radio Vitoriak izan duen eragina, babazorroen eguneroko ogia den seinale

JOSEBA OLALDE