argia.eus
INPRIMATU
AGUR C HEPATITISARI
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Arantzazuko Ospitaleko mediku Juan Ignacio Arenas doktoreak esan zuen Donostiako Udako Unibertsitateak antolatutako ikastaroan 10 urte baino lehenago lortuko dela C hepatitisa sendatuko duten hiru botiken konbinazioa bilatzea. Oraingoz hepatitis-mota horrek ez dauka sendabiderik, baina dagoeneko aurrerapausoak lortu dira, batez ere Interferol eta Ribabilina izeneko botikak elkartu direnetik: horrela % 11-12 kasu sendatzetik eritasuna kasuen erdian erabat desagertzea lortu izan da (% 50eko sendaketak). Hasieran botika bakarrarekin tratatu arren, azkenean hiru farmakorekin tratatzen baitira.
Arenas-ek esan zuen bezala, kontuan hartu beharra dago botika, janari eta infekzio guztiak gibeletik pasatzen direla. Medikamentu guztiek ekar ditzakete gibeleko erasanak; penizilinak, adibidez, sor ditzake kalteak gibelean. Bestalde, alkohola ere kontuan eduki behar da. Arenas doktoreak 40 gramo alkohol jo zuen eguneroko muga bezala, hau da egunero-egunero 300-350 zentimetro kubiko ardo edan daitezke ondorio kaltegarririk gabe, pertsonak gibela erabat ongi baldin badauka (ia litro-heren bat egunean).
Bukatzeko, Arenas doktoreak esan zuen gazteei ematen zaizkien txertoak erabat gomendagarriak direla eta A eta B hepatitisen kontra ume guztiak txertatzea gomendatu zuen