argia.eus
INPRIMATU
HESIAK SALTATZEN IAIOAK
  • Hamaika urtetan hamaika oztopo jarri dizkioten arren, hor segitzen du Iruñerriko irratiak. Ekinaldi honetan, irratia bizkortu, gaztetu eta laguntzaile sarea indartzea dira xede nagusiak.
1999ko irailaren 26a
Bideari ekin ziotenean, ez zuten uste hainbeste oztoporen gainetik salto egin beharko zutenik. Hesiak baino gehiago, harresiak jarri dizkiete, pertikarekin bakarrik gainditzeko modukoak. Trabak traba, koltxoia izan dute gibelean, bere 900 sustengatzaileei esker.
Aurten, heldutasunetik aitzinpauso bat eman nahi dute, irratia bizkortu eta gaztetuz, beti ere konpromisoa berretsiz Iruñerriko euskal komunitatearekin. Horretarako, lantalde finkoa ez ezik, kolaboratzaile sare gotor bat ere osatu dute. Iluntze eta gaueko programazioa indartze aldera jo dute. Honako saio hauek nabarmentzen dira: «Zokobetailu» magazina eta «Metropoli forala» magazinak, «Bazkalburukoa», asteartetan «Hau ez da Zugarramurdi» elkarrizketa saioa, ostegunetan «Gazte borraste», eta abar. Albistegiak ere eginen dituzte.
Guztiz estrategikoa da irratiaren hedapen geografikoa, nafarren erdia Iruñerrian bizi baita. Dena den, inguruko bailaretan ere entzuten ahal da, hala nola: Sakana, Ultzama, Basaburua, Agoitz. Entzuleria anitza da, itxura batean, goizetan gehiago dira emakumezkoak gizonezkoak baino. Arratsaldean berriz, gazteak dira nagusi. Bazkideen urteko kuotaz landa, diru iturri nagusia publizitatea da. Hirugarren laguntza mota bada, hizkuntza politika zuzendaritzak emanikoa. Sosa haatik, ez dute irratia direlakotz jasotzen, interes kulturaleko ekimenak egiten dituztelakotz baizik. Lizentziaren kontua gora behera, Mikel Bujanda zuzendariak dioskunez,

«iaz, urte sasoi honetan, ukatu ziguten lizentzia. 12 urteren buruan hemengo agintariak ez dira gauza izan irratiari lege barnean toki bat egiteko. Horren ondorioz, urte hasiera kalapitatsua izan genuen. Nahiz eta ez garen horretaz ahanzten, gure energia osoa irratiari berari ematea nahiago dugu. Abokatuen esku utzi dugu auzia» JOXE LACALLE