Landare askok aurrera begirako janari-erreserba lurpean osatzen du. Negua gogor antzerakoa baldin badator edo uste baino gehiago luzatzen bada, badaezpada ere.
Patata da adibide ederra. Landareak lur gainean osatzen du bere urteko bizitza. Hurrengo urtean landare berriak osatzeko haziak baino aukera hobeak ditu lurpean osatu duen patatak. Landare bakoitzak patata bat baino gehiago hazten dituenez landare asko sortuko dira eta espeziea ugaltzen da.
Kala, kanna, suge-belarra, lilia, agapantusa, begonia batzuk, idi-bihotz edo tulipana, barrabasa edo txomin-belarra, eta abar asko dira lurpean edo lurraren axalean tuberkulua, erreboila, errizoma edo antzeko erreserbak osatzen dituzten landareak. Bere bizimodua honela antolatua duten landare gehienak berozaleak dira, ageriko zikloa uda partean osatzen dute eta neguan lurpean, izotzetatik babestuta, metatutako erreserba hauek irauten dute.
Askotan ikusi ohi dira era honetako landareak neguan atera eta landatuak. Hauxe da ba atzekoz-aurrera lan egitea! Landare hauek tokiz aldatzeko edo ugaltzeko lurpetik atera, zatitu eta landatzeko sasoi aproposa uda amaiera hauxe da. Tuberkuluak edo dena delakoak luberrian landatzen denean neguari aurrea hartu eta gozo-gozo prestatzeko aukera du, lurra epela baitago oraindik. Edozein eratara negu partean lurretik atera beharra gertatzen bada, toki lehor eta ilun batean jaso eta gero udaberrian landatu, askoz hobeto