argia.eus
INPRIMATU
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA
1999ko irailaren 26a

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskararen Nazioarteko Eguna datorren abenduaren 3an ospatuko da Bilbon. EAEko Kultura Sailak antolatuko du, duela 50 urte Ipar Euskal Herrian eta Ameriketako euskal etxeetan burututakoa berreskuratu nahian. Data horietan burutuko da halaber Eremu Urriko Hizkuntzen VII. Biltzarra eta horren harira izango da beraz, ospakizuna.


TESTULIBURUEN AFERA

Espainiako Testuliburuen Editoreen Elkarte Nazionalak (ANELE) zenbait autonomitan hauei ezartzen zaien kontrola salatu zuen. Erantzuna berehala etorri da. EAEko Hezkuntza Sailak kritika horren atzetik interes ekonomikoa dagoela esan du eta Eusko Jaurlaritzak «eskuduntza osoa» duela zuzenketa lan horiek egiteko.


TSJPV-AREN ERABAKIARI KRITIKAK

Udalekin gaztelaniaz bakarrik komunikatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Justizi Auzitegi Nagusiak (TSJPV) hartutako erabakiak zalaparta ugari eragin du. UEMAko kide den Usurbil herriko alkate Jose Antonio Altunak (argazkian) gogor salatu zuen auzitegiaren jarrera. UEMAko Udalek Justiziako instituzioetatik datozen idatzi elebakarrei jaramonik ez dietela egingo iragarri zuten. Sabin Intxaurraga Justizia sailburuak TSJPVren erabaki hori legearen aurkakoa dela adierazi zuen, EAEko biztanle guztiek bi hizkuntzetan erlazionatzeko eskubidea dutelako. Intxaurragak erabakia aldatuko dutenaren esperantza du.


KILOMETROAK 99 BEGI BISTAN

Urriaren 3an ospatuko den Kilometroak 99ren antolakuntza azken txanpan da. Jada ikusgai dago Errenteriako Xenpelar aretoan, ospakizun honen abarora antolatu den eta Euskal Herriko 46 artistaren 61 lan biltzen dituen erakusketa.