Duela lau urte COPEtik banatu zirenetik, inork ez zuen harri koskorrik ematen Herri Irratiaren alde. Usteak erdia ustel, hor segitzen baitute, inoiz baino kementsugo. Halaxe, Deustuko Unibertsitateari audientziaren ikerketa bat egin dezala eskatu diote, ez baitira fido CIESek azken neurketan eman datuekin (40.000 entzule inguru), EGMek 72.000 eman dien bitartean. Bide batez, zein den entzuleria eta zein adin talde den nagusi miatuko dute. 2001. urtean gainera, 40 urte beteko dira Loiolako Herri Irratiak lehen emisioa egin zuenetik. Egun, 24 orduz emititzen dute eta Gipuzkoaz landa, Nafarroa eta Iparraldeko zenbait lekutan entzuten ahal da, baita Gasteiz eta Bizkaiko ekialdean ere. Duen entzuleria leial horrekin, badirudi bere lekua baduela, nahiz eta horretarako borroka itzela egin beharko duen.
Gisa horretan, Mariano Ferrerren «Kiosko de la Rosi» saio izarra buru dutela, berrikuntzen artean honako hauek nabarmentzen dira: Carolina Saenz de Bikuña, Iñigo Arbiza eta Iker Zubimendik aurkezten duten «Musutruk»en indartzea: umorea eta lagungiroa, emakumeek egindako tertuliak, zinema kritikak, nazioartea, sexologia, tarota, mendia, gastronomia, eta abar. Asteburu eta jaiegun goizetan berriz, magazine berri bat izango da Xabier Riezuren eskutik. Iluntzean aldiz, Mikel Markez kantariak «Oroimeneko portua» kultur saioa aurkeztuko du. Larunbatetan ere, informatikari buruzko saio bat eginen dute urritik aurrera.
Euskararen presentziak programazioaren herena betetzen du irratian; Saenz de Bikuñaren esanetan,
«guk nahiko genukeena baino leku gutxiago du euskarak. Baina zaila da Euskadi Irratia bitarteko guztiekin hor egonda. Entzule asko galduko genituzke gainera, euskarari tarte handiagoa emango bagenio. Dena den, saiatuko gara tarte hori handitzen»