Imanol Esnaola soziolinguistika munduan aritzen den gazte lezoar bat da. Euskal Filologian lizentziatua, azken urteotan Euskal Herriko gazteen hizkeraren inguruko tesia egiten ari da, eta «Bat» soziolinguistika aldizkariko koordinatzaile berria ere bada. Geldirik egon ezin duen gazte honen buruan aspaldi zebilen Lezoko euskararen inguruko ikerketa lanen bat egiteko asmoa, denbora eta baliabide faltagatik erdi bazterrean utzita bazuen ere. Baina hara non Lezoko Udalak herriaren inguruko gaiak aztertzeko beka deialdi bat egiten duen; Imanol animatu eta Lezoko euskararen historia aztertzeko proiektu bat aurkezten du. Txillardegik, Koldo Zuazok eta udaletxeko zinegotzi batek osaturiko epaimahaiari proiektua gustatu, antza, eta Imanolek ikerketa egin ahal izateko behar zuen azkeneko bultzadatxoa lortzen du.
Liburuaren hasiera historiaurrean kokatzen den arren, benetako datu dokumentatuak XVI. mendetik aurrera aurkitu ditu. Datu bilaketa honetan informazio iturri ezberdinak erabili ditu, gertaera historikoen lekuko eta protagonista izan zirenekin hitz egitetik artxiboko paperak arakatzeraino. Egileak jendeari eginiko grabaketak aipatzen ditu informazio iturri nagusi bezala, izan ere, euskararen historian eragin handiena izan duten garaiak, frankismoa esaterako, bizi izan dituzten pertsona asko eta asko bizirik daude oraindik.
Bilketa honetan azterketa soziolinguistiko bat egiteko adinako datu interesgarri bildu zituen. Datu hauek aztertu ondoren, liburua idazteari ekin zion, eta orduan konturatu zen bere helburua ez zela gai horretan adituak direnentzat idaztea. Bere asmoa gutxiengo irakurzaletasuna zuen edonork irakurtzeko moduko liburua egitea zen, edozeinek era erraz eta atsegin batean irakurtzeko moduko liburua.
LEZOKO EUSKARA AROZ ARO.
Ia urtebeteko lanaren ondorioz sortu zen izenburutzat «Lezoko euskararen historia soziala» daraman liburua. Bertan Lezoko euskararen azterketa bat egiten da historiaren aro edo garai ezberdinetan zehar. Historiaren garai bakoitzean lau atal zehazten ditu: Euskal Herriaren historia, euskararen historia soziala, Lezoren historia eta Lezoko euskararen historia soziala. Lau atal hauek zehaztea beharrezkoa iruditu zaio Imanol Esnaolari irakurlea ondorio batetara iritsi dadin, Lezoko historia Euskal Herriko historiaren barruan kokatu behar baita eta euskararen historia honen ondorio delako.
Ikerketan bildu dituen paper eta zinta horietan gauza bitxirik ere aurkitu du Imanolek. Lezoko euskararen historian aparteko garrantzia izan duten zenbait alor aipatu dizkigu: beste herri askotan gertatu izan den bezala, Lezon ere elizaren magalean hazi eta hezi zen abertzaletasun eta euskalzaletasuna, baina bada Lezon, beste herrietan ez bezala, harrigarri gertatzen den datu bat. Urte askotan apaiz frankista bat egon izan da Lezon erretore baina apaiz honek ez omen du sekula gazteleraz sermoirik eman, hala eginez gero herritarrek ez baitzioten ulertuko. Mende honetako erroldak aztertuz gero, argi ikus daiteke 1955. urtera arte Lezon erdaldunen kopurua %4 baino ez zela.
Honen ondoan, hezkuntzaren alorrean eginiko lana aipagarria da. 1930 inguruko urte ilun haietan, irakasle espainolen ondoan, bazeuden eskolak euskaraz ematea aldarrikatzen zuten irakasleak. Hau ikastolen mugimenduaren aintzindaritzat jo daiteke, dudarik gabe.
Emakumeek eginiko lana ere ezinbesteko izan da euskararen eta abertzaletasunaren transmisioan. 1932 inguruan EABko (Emakume Abertzaleen Batza) talde bat sortu zen Lezon. Francoren etorrerarekin emakume talde hau desegin egin zen baina isilpean bere lanarekin jarraitu zuten, emakume hauek izan baitziren gerora ikastolaren sorreran aritu edo euskara eta abertzaletasunaren inguruko mugimenduen sortzaile izan direnen ama, izeba edo amonak.
Urtebete honetan datu eta istorio asko bildu ditu Imanol Esnaolak. Berak dioenez, «
hau hasiera bat besterik ez da, aurrerantzean egin daitezkeen ikerketa berrientzako bidea ireki duen hasiera besterik ez. Bildutako informazioa izugarria izan da, historiako garai bakoitzaren inguruko liburu bat idazteko lain». Gogorik duenarentzat, liburuaren azken atalean, eskuragarri dagoen materiala oinarri hartuta egin daitezkeen ikerketa lan posibleak proposatzen ditu. Baina berak hauen artetik bat hautatu du dagoeneko: aukerarik izango balu, Gerra Zibilaren inguruan sakondu nahiko lukeela adierazi digu.
Beka deialdi berera Lezoko dialektoa aztertzeko beste proiektu bat ere aurkeztu zuen Imanol Esnaolak, oraingoan Jose Luix Agirretxerekin (egun Oarsoaldeko euskara teknikari eta «Orratx!» herri aldizkariaren zuzendari) batera. Lan honen emaitza udazken honetan ikusi ahal izango dugu, orduan kaleratuko baita liburua