argia.eus
INPRIMATU
KARRAMARRO UHARTEAN, ALTXORRA NON AURKITUKO
1999ko irailaren 12a
Piraten inguruko zenbait marrazki eginak zituzten aspaldi Irusoin ekoiztetxekoek. Gisa hartan, duela bi urte Joxean Muñoz eta Inazio Mujika Iraola deitu zituzten, zirriborro horiek oinarri hartuta, gidoi bat idatzi zezaten. Askatasun osoa zuten marrazki bizidunetan piraten istorio bat asmatzeko. Finantziazio bideak lortzen joan ziren neurrian, bi gidoilariei piraten mundu hori musikarekin uztartzea bururatu zitzaien, jakintzat ematen baita piratak musikari zoragarriak direla. Hortik abiatzen da beraz, istorioaren haria. Dimitri kapitainak ez du hitz koskorrik kantatzen. Hasi ahala, ontzia izorratzen hasten da, gainera. Bere ontziko tripulaziokideak aldiz, kantari apartak dira. Dimitrik badaki kantatzen jakin ezean ez dela sekula fundamentuzko pirata bat izango. Pirata talde honek esklabu trafikatzaileak ditu etsai. Berauek paso egiten dute musikaz, esklabuen kontsolagarri den musika nardagarri egiten zaie. Halako batean mezu bat jasoko du Dimitrik altxor baten bila joan dadila esanez. Zeregin horretan dela, Lorelei neska pirata liraina ezagutuko du. Lehen opera kantaria zen arren, dena utzi eta bere aita pirataren gisan hasi da. Bera ere altxorrarekin tematua egonik, Dimitrirekin lehia bizian hasiko da, biak ez baitira sobera ongi konpontzen. Trafikatzaile gaiztoen etorrerak ordea, biak hurbilaraziko ditu. Altxorra aurkitzeko gakoa, gainera, ondo abestean dago.


UHARTEAREN INDARRA.

Inspirazioa lortzeko, garai bateko pirata istorioez blaitu dira, hala nola: hanka paloa, loroak, altxorrak, mozkorrak; girotzeko ere musika franko entzun izan dute. Joxeanen irudiko, «Karramarro uhartea» ez da umeentzako moduko filma bakarrik:

«Printzipioz neska-mutikoei zuzenduta badago ere, ez dut uste umeentzako filma denik. Alde batetik, musika erakargarria da; bestetik istorioaren xarma ere hor dago, gazte literatura irakurtzeko aurreiritzirik ez duen jendeak primeran pasako du. Protagonistez aparte, gainontzeko pertsonaiak ere xelebre samarrak dira: Cain itsasontzian bizi den katu narratzailea, marrazo bat, loroen munduan aditua den adineko gizon bat, tabernako emakumea (bera ere pirata izandakoa), mutiko sonujolea eta abar»
.
Marrazkien itxurari gagozkiola, aipa dezagun komiki tradizionaletik hartua izango dela. Nahiz eta grafismoa aski sinplea den, uhartea eta paisaiek indar handia dute. Hain zuzen, efektu bereziak baino, lekuen xarma da film honen giltzarria. Esaterako: burezur itxura duen uhartea, piraten babeslekua, taberna eta abar. Dena den, ez pentsa marrazkien mugimenduak telebistako marrazkiak bezalakoak direnik; kalitate handia dute, 17 edo 18 irudi kateatu baitira segundu bakoitzeko.

«Tamalez, denboraz beti larri ibiltzen gara, dirulaguntzak eskuratzearren gauzak epe baten barruan eman behar direlako. Marrazki bizidunetan gainera, askoz gehiago luzatzen da prozesu hori»
diosku Muñozek.
Halaber, aurrekontua aski murritza izateak (125 milioi pezeta, 5 milioi libera) mugak ezartzen ditu planoak behin eta berriz egiterako orduan, aukera ia bakarra izan baita plano jakin baten grabaziorako. Filma Xabi Basterretxearekin batera zuzendu duen Joxeanek azaltzen digu zein den animazio filmetan jarraitzen den teknika:

«Aurrena, story-board delakoa egiten da, non istorioa irudiz irudi eta planoz plano marrazten den. Gero hori bideoan grabatzen da dialogo guztiak erantsiz. Behin hori eginda dagoela, komikigileak ezarri dituen ereduei heldu eta paisaien gainean mugimendua kateatzen hasten gara. Ondoren, kolorea txertatu behar da. Horrekin batera, argazkia ere zehazten da, zeruak nolakoa behar duen izan...
». Urtebete luze marrazkiak egiten igaro du 60 laguneko lantalde batek, bere onena emanez, emaitza ahal den borobilena izan dadin; esker oneko agertzen da Joxean:

«Lantaldearen inplikazioa funtsezkoa izan da: Imanol Zinkunegi eta Juan Karlos Nazabal (marrazkiak), Edu Elosegi (argazkia), Angel Biana (kolorea), Jose Angel Lopetegi (story-board), Aintzane Domenech (dekoratuak), baita gainontzeko animatzaileak ere. Egin ezazu kontu, Disneyren `Tarzan' filmaren minutu baten aurrekontuaz guk ordubeteko film hau egin dugu. Euskal Herriak animazio industria txikia bezain emankorra du; horra hor egin berri diren animazio filmak, estilo zeharo ezberdinak landuz gainera. Begira `Goomer' edo Dibulitoonen 3D-ko `Lapurren ametsa'. Azken hauek hasiak dira `Pandora' bigarren filma prestatzen»
.
Kanpoko banaketari begira, gidoia gazteleraz egin dute. Kantak ostera, euskaraz. Kontuak kontu, estreinaldirako bi bertsio egingo dira, elebitan.


ILLARRAMENDIREN UKITUA.

Lan honetan musikak hain presentzia handia ukanez, ez zuten animazio filmetan entzuten diren betiko kanta inozorik nahi. Zerbait berezia nahi zuten, jostagarria; eta zer hobe Anjel Illarramendi konposagile finaren laguntza baino. Gidoia irakurri ahala, baiezkoa eman zuen zarauztarrak:

«Filma ikusi eta oso polita iruditu zait. Gidoian zegoena bikain irudikatu dute. Lorelei eta Dimitri kapitaina, gaiztoak, loro bat ere bada, operako tenoreek baino hobeto kantatzen duena. Dohain magikoak ditu, mundu guztiaren lepotik barre eginez; nahikoa zitala da. Tiradizoa emango dio horrek».
Istorioa musikatzeko luxuzko ehunak izango ditu Anjelek; batetik, Euskadiko Orkestra, eta bestetik, Golden Apple Quartet eta Maite Arruabarrena sopranoa.

«Istorioa berez xelebrea denez, musika ere horrekin batera joango da. Hainbat pasarte ditu: tripulazioaren pieza koral nagusia, alaia, alproja samarra, beste doinu bat, erromantikoa oso, non neskak eta loroak duo bat egiten duten, soprano eta baritonoa. Laupabost aldiz bertsio ezberdinetan entzungo da, kantatua, instrumentala... Gero, doinu sentimental bat dago, beltz espiritualaren antzera, ahots baxuekin eta Goldenekoek egingo dutena. Beste hainbat doinu txikirekin osatzen da soinu banda, marrazki bizidunetan arrapaladan entzuten diren doinu bihurri horiekin, alegia»
. Halaxe, hil honetan sartuko dira musika estudioan, urrirako filma erabat amaiturik egon dadin