argia.eus
INPRIMATU
EZ AGERTU ESKU HUTSIK
1999ko irailaren 12a
Euskal Herrian, bada printzipio bat: etxekoandreen aitzinera esku hutsik ez agertzea. Halaxe, horri kasu eginez, aurten sustengatzaileei egin zaien oparia lastozko txapel bat izan da. Gisa honetan, beharrezkoa den kanpaina (buxetaren heren bat sustengatzaileei esker osatzen baita) eztiagoa izaten da, etxez etxe idorki joanda baino. Irratiaren hastapenetik xede nagusia Xiberoko berrien hedatzea ikusmolde desberdinen errespetuan izan da, beti ere euskal kultura sustatuz. Pixkanaka haatik, helburu berriak sortu dira. Orain badira bost langile, animatzaile, berriketari eta emankizun egile eta, joan den urteaz geroz, sail berri bat abiarazi dute: herrietako berriak, non bertako gertakariak aipatuak diren; hamar bat herrietakoak, hala nola: Pagola, Muskildi-Urdinarbe, Gotaine Irabarne, Larraine, Santa Grazi, Ligi Atherei ala Sohüta. Emankizun gehienetan badira laguntzaileak, sukalde zokoan dela, literatur, kirol eta musika sailetan dela. Orobat, laster boz berriak agertuko dira, joan den bedatsean gazte zenbaitek teknika ikastaldi bat egin baitute. Halaber, aberastu nahi da Xiberoko Botzak Irulegiko Irratia eta Gure Irratiarekin batera duen elkarlana, egunero lau oren bateraturik eskaintzen dutenaz landa.
Epe erdira, lan berezi bati ekinen diote. Hamabost urtez, herri txipinietan ere, kantaldiak grabatuak izan dira. Pentsatzekoa da zer altxorra edireten ahal den Xiberoko Botzaren artxiboetan. Ondoko urratsa horien salbatze eta sailkatzea izanen da, egungo belaunaldiek lan baliagarri bat eskura ukan dezaten. Berriki, Xiberoko Botza informatika sistema berri batez hornitu delarik, DAT delakoaren bidez kalitatezko artxibaketa bat lortuko da. Mauleko hedagailua ere goraturik izanen da, hobeki entzun dadin. Azkenik, lokal berri batean sartzeko premia ikusi dute, ordenagiluekin gune hertsian agitzen baitira bost langileak