Berriro hasi dira xenofobia zantzuak entzuten gugandik gertu: Parisen, Madriden, Terrasan...
Zer uste zenuen zela enamoratzea, sillan eseri eta kitarra jotzea? (
Habanera zaharra).
Arrazismoaren kontrako sendabideen artean bi aipatu izan dira. Oso modan egon da
mestizaia hitza azken garaiotan. Historiak, baina, erakutsi du ez dela arrazismoaren kontrako bide nahikoa, ezta zapalkuntzaren kontrakoa ere, askotan azaleko kontuetan beste ezertan ez delako geratzen.
Integrazioa ere aipatu izan da. Hona etortzen den kanpoko jendea zein gustura sar daitekeen gure giroan. Eta horixe egin beharko lukeela, eta hori egiten lagundu beharko litzaiekeela iruditzen zaie askori nonbait. Ez dago gaizki... nahi duenarentzat noski. Baina ez-integratzeko eskubidea ere izan behar dute etorkinek.
Xenofobiaren oinarrian, homofobian eta fobia guztietan bezala,
beldurra dago. Beldurraren beldurra batez ere. Nork bere buruarekin konfiantza ezaren beldurra.
Taldeen antolakuntza ederki ikusten dugu telebistetan eskaintzen ohi diren animalien bizimoduei buruzko dokumentaletan. Zeinek agintzen duen talde bakoitzean eta hortik beherako hierarkia guztiak. Baita beste taldeen kontrako grina txarra ere. Taldeak defendatzen gaitu eta guk taldea defendatzen dugu. Besteei egurra.
HORRELA ibiltzen dira
edozerfoboak:
Hemen, honekin, egoera honetan, lasai sentitzen naiz. Mundua hau izatea nahi dut. Gehiago ez. Ez zorabiatu ni. Hauxe da ontzat eman daitekeena, eta beste guztia txarra da. Urduri jartzen nauelako, ez dakidalako horren aurrean zer egin... Izua ematen didalako.
Gure garaietako goi asmoetan norbanakoaren askatasuna bermatzea dago. Hori aipatzen dute gure eguneko filosofoek, soziologoek, politikoek... Baina askatasun hori bermatzeko, edozein kontutan (arraza, sexualitate edo erlijio aukerak, hizkuntza eskubideak...) oinarrizko araua zabaldu behar da:
errespetua. Eta errespetuak nork bere buruarekin hasi behar du. Neure burua errespetatzea da besteena ere errespetatzeko modu bakarra.
Gaur egun enpresari eta langileen arteko harremanetan, agintarien aurrean, famatuen inguruan
bi lege nazkagarri hauek ari dira zabaltzen:
1) Hasteagatik edozein modutan baiezkoa eman. Geure buruari errespetu falta izugarria, beldurrak eraginda, oso zabaldua eta ondorio ezin txarragoak ekartzen dituena. Hasteagatik (edo jarraitzeagatik), edozein modutan baietza ematen duenak geroago ezetza esan beharko du egoera okerragoan edo beti ibiliko da
edozein modutan.
2) Rendez vous garaileari. Gaizkilerik nardagarrienari, ondo jantzita eta orraztuta badago, eta bereziki fama publikoa lortu badu, diru kontuak ondo gizenduz, festa handiak egiten zaizkio, mundu guztiak onartu egiten du... Zuzen ibili denari, arrakasta sozialik lortu ez badu, kasu handirik egiten ez zaion bezala.
INERTZIA honetan –badakizue munduan dagoen indarrik handiena bera dela, inertzia–,
errespetua zabaltzea zaila da. Ia ez da ikusten. Xenofobia arazoak gure gizartean hasi besterik ez dira egin. Berriro ere gure gizarte etika jazten hasi beharko dugu.
Zer uste zenuen zela enamoratzea, sillan eseri eta kitarra jotzea? Errespetu sozialarekin enamoratuta daudenak kitarra jo baino zerbait gehiago hasi beharko dute egiten. Esate baterako, arazo hauek gero eta gertuago ditugunez, euskaldunen artean galdera hau zabaldu eta ondo erantzun dadin ahaleginak egiten hasi: Euskaldunok, euskaltzaleok, geure herria, ohiturak, hizkuntza zaintzen ditugunak ez al dugu oso arrisku handia hori dena xenofobia izpi batzurekin nahasteko? Jarrera batzuk ikusita, ez nintzateke ezetz esaten ausartuko.
Mestizaia, integrazioa... ondo. Baina errespetua batez ere. Eta errespetua ikasi eta zabaldu ez da modu errazean egiten. Sillan eserita ez behinik-behin