argia.eus
INPRIMATU
Uriona, mahatsaren zukua dariola
Lierni Arrieta 2017ko azaroaren 28a
Uriona herrian San Andresi eskainiriko elizaren ataritik hasiko dugu gure ibilbidea. Elizatik eskuinera doan malda igo eta altzifresez apainduriko hilerrira helduko gara. Bere sarreran bidea bitan banatzen da eta guk, Aste Santutako kristauen legez, eskuineko kalbarioa jarraituko dugu gurutze artean mahastia igaroz. Baina bidea goxatzeko aranondoak bere fruituak eskeintzen dizkigu, zintzoak izan garenoi behintzat. Bidea jarraitu ordez alboko sastrakadietan murgiltzen bagara, gertuagotik ikusiko ditugu artadiaren inguruan garatzen diren landareak: erromero, ezkaia eta abaritza, besteak beste. Hala ere bidea ez dugu galdu behar eta eskuinetara almendrondo landaketen artean bidezidor bat (1 Km) topatu beharko dugu. Beronek pinazi pinuz osaturiko basora garamatza. Buztanluze eta argi oilarrak bizi dira bertan baina lehena lotsagabe samarra izanda, erraz hurbilduko zaigun arren, bigarrena izutia dugu eta guk ikusi aurretik ezkutatzen ahaleginduko da. Argi oilarrak, handiegia ez izan arren, 28 zm inguruko itxura ikusgarria du, bere gandor dotorearekin. Hegoak txuri-beltzak ditu eta papar, bizkar eta burualdea arrosa arreak. Gandorraren luma muturrak, berriz, beltzak. Umatzera hurbiltzen da Euskal Herrira eta intsektu eta sugelindara txikiz elikatzen.
Bidezidorrari ekin diogun lekura itzuliz, bideari jarraituko diogu bidegurutze berri batetara helduz. Hemen bide asfaltatuari ekingo diogu Ozanko errekara jaisteko. Erreka inguruan dauden kalandria, txoriandere eta kuturlioak bereiztea ezinezkoa egiten da askotan, hauek ere lotsatiak izateaz gain, oso ezaugarri xumeek desberdintzen baitituzte. Makal arteko errekaren ura lezkek estaltzen dutela ikusiko dugu. Aurrera jarraitu eta lursail-bidearekin bat egingo dugu eskuineko norabidearekin mahasti artean jarraituz. Harearri eta mikrokonglomeratuz eraturiko gainera eramaten gaituen bidezidorra eskuinean (2,5 km) topatuko dugu. Bertatik, La laguna ikus dezakegu. Ia gainezka egiten duen aintzira hau lezkak eta Phragmites autralisak ematen dioten kolore aldaketak bereizten du. Aintzirako umeltasun eta lezken babespean uroiloak, uretako sugeak, ur igelak eta San Antonioko igelak topatu ahal izango ditugu. Hemendik Tolonoko mendizerra osoa beha genezake Cervera (1.384 m), Recilla (1.381m), Palomares (1.446m) eta Cruz del Castillo (1.432m) direlarik gailentzen zaizkion mendi tontorrak.
Berriro lursail-bidera itzuli eta hurrengo bidegurutzean eskuineko lursail-bidea hartu ondoren, aurreragoko bidegurutzean ezkerrekoa hartuko dugu. Honela, Nabaridasko artadi mediterraniarrera (4 Km) iritsiko gara. Artadi hau bertako basoen ordezkari urrietako bat da eta bere ordez mahastiak landatu dira, beronek eskaintzen duen urrezko zukua dela eta. Baso honetako zuhaitz nagusia, nola ez, artea dugu baina bere azpi basoa ere oso aberatsa da espezietan, eta abaritz (

Quercus coccifera
) eta gartxuetara (

Phillyrea sp.
) otxar basatia (

Rubia peregrin
) igotzen da. Lurzoru hareatsuagoek txilardien garapena baimentzen dute txilar (

Erica scoparia
), ainarra (

Calluna vulgaris
), estrepa (

Cistus sp.
) eta azeri-mahatsekin (

Arctostaphylos uva-ursi
). Baso konplexu eta aberats honetan Txinbo papargorri eta mendi berdantzak ikus genitzake egunez, baina gauean saguzar eta soro muxarra egiten dira zuhaitz adarren jaun eta jabe. Soro muxarrak sagu edo hamster itxurako mikrougaztun gautiarrak dira. Ezkur eta fruituez elikatzen da. Zuhaitzen adarretan mugitzen da bere buztan luzeari esker eta nahiko ugaria omen da nekazal eremuan.
Eskuineko pista jarraitu ondoren, bidegurutze berrian ezkerreko lursail-bidea jarraituz, berriro ere Ozanko erreka eskuinean dugularik, errepide nagusira (6 Km) helduko gara. Erreka inguruan lizar hosto estuak nabarmentzen dira eta iparralderago dauden lizarren antzekoa den arren, espezie desberdintzat hartzen da. Hasierara itzultzeko, herria zeharkatu beharko dugu. Uriona herriak ere behin eta berriro mahatsaren zukuak duen garrantziaz hitz egiten digu; ate gehienek jatorri-izendapenaren zigilua dute eta bertan ardoa eros genezakeela adierazten digute. Kale erdian ardogintzari eskainiriko eskultura bat ere badago baina benetako monumentua herri erdian dagoen mahastia da. Erreka ertzean lur goxoenak mahastientzat gordetzen dira, herria bitan banandu behar bada ere. Herriko arkitekturak ere merezi du bueltaxka bat egitea eta bitxia da XVI. mende hasieran eraikiriko Indianoaren Etxean dagoen Santiago Matamorosen erliebea