argia.eus
INPRIMATU
EUSKARA EPAITEGIETAN
1999ko abuztuaren 01

EUSKARA EPAITEGIETAN

Justiziako Hizkuntz Normalkuntzarako Erakundeen Arteko Batzorde Instituzionalak egin proposamenak, hots, auzibideak hizkuntza aintzat hartuta banatzeko proposamenak aurkako iritzia jaso du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salaren partetik. Erakundeen Arteko Batzordeak proposatutakoa betez gero, euskaraz tramitatutako kasuak epaile euskaldunek hartzeko modua legoke eta itzulpenik gabeko epaiketak egin ahal izango lirateke. Eusko Jaurlaritzako Justizia Saila eta Demokraziaren Epaileak elkartea Auzitegiaren jarreraren aurka agertu dira. Justizia sailburuorde Abel Muniategik adierazi du «Konstituzioak berak biltzen» duela eskubide hori.


LAN HARREMANEN HIZTEGIA

Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluak Lan harremanen hiztegia argitaratu dute berriki. UZEIk burutu du hiztegia, Nafarroako Gobernuak hala eskatuta. Bertan lan harremanei buruzko terminologia jaso da eta mila adiera baino gehiago ditu. Lau hizkuntzatako terminoak biltzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.


EH-REN HIZKUNTZ POLITIKA

2.000-2.012. urteen artean gauzatzeko plana aurkeztu zuen iragan astean Euskal Herritarrok-ek (argazkian EH-ko Euskara Talde Nagusiko kide Inaxio Agirre). Egungo errealitate politikoan errotuta dagoen hizkuntz politika bideratu nahi du EH-k. Larrialdi plan bat ezinbestekotzat jotzen du, euskara hilko ez bada. Plan horretan oinarrizko litzateke «inflexio puntu» bat bideratzea eta honen bidez haur jaio berri guztien «euskal identitatea» bermatzea.


IRIZAR-ELHUYARREN EUSKARA PLANA

Irizar enpresak lau urterako euskara plana jarri du abian, Elhuyar kultur elkartearekin batera jarri ere. Lau urteko epe hori prozesu oso baten hasiera baino ez omen da eta jomuga enpresa guztiz euskalduntzea da.