argia.eus
INPRIMATU
Enrike Ugarte zuzendari berria
1999ko abuztuaren 01

Euskal Herriko Gazte Orkestra duela bi urte sortu zenetik, Juan Jose Mena gasteiztarra izan da zuzendaria, baina Jaurlaritzako Kultura Sailak Enrike Ugarte tolosarra izendatu berri du postu horretarako. Txikitan akordeoia jotzen hasi eta txapelketa ugari irabazi dituen zuzendari gazte honek urte dezente daramatza Munichen. Konposatzaile eta instrumentista alorrak ez ditu alde batera utzi Ugartek.
Balleterako piezak, orkestrarako obrak eta kamarako musika konposatu ditu. Orain «Milurterako sinfonia» ari da konposatzen, hurrengo Urte Zaharrean estreinatuko duen

suite
a, eta film alemaniar batentzako musika ari da prestatzen. Akordeoiarekin Chick Corea lagundu du eta Alemaniako kantzelari ohi Helmut Kohlen aurrean jo du. English Chamber Orchestra, Txekiako Filarmonikoa, Nazioetako Philarmonia, Deutsches Filmorchester Berlin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Brnoko Orkestra Filarmonikoa, Kammerensemble Münich, Radio Sinfonie Orchester Pilsen eta Granada Hiriko Orkestra zuzendu ditu. Bere azken lana Euskal Herrian Benito Lertxundiren kantak moldatu eta abeslariak berak Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera eskainitako kontzertua eta grabazioa zuzentzea izan da.
Ugartek ez ditu alde batera uzten pop eta jazz doinuak. Askotan adierazi du musika jolas gisa hartzea gustatzen zaiola, eremurik baztertu gabe. EGOrekin Zestoan eman dituen entsegu ireki horiek bide horretan kokatu behar ditugu. Ilusio handiz hartu du Gazte Orkestra zuzentzeko eskaintza, nahiz eta konpromiso batzuk baztertu behar izan, gazteekin emaitza hobeak lor daitezkeela iruditzen baitzaio. Berak duela 20 urte horrelako aukerak ez zituelako alde egin behar izan zuen Euskal Herritik. Orduan orkestra sinfonikorik ere ez zegoen. Udako kontzertu ziklo honetarako egitarau estua aukeratu du gazteak motibatzeko