Nafarroa eta Akitania lotuko lukeen errepide sare eginkor bat aztertu da Nafarroako gobernua eta Pirinio Atlantiarreko Kontseilu Nagusiaren eskutik. Antza, garraio-ardatz berri batek zeharka lezake Iparraldea. Hiru aurreproiektuetan zazpi bide posible agertzen ditu ikerlanak.
Azterketak honela dio sarreran:«
Ipar Euskal Herriko barnealdea eta Iruñera bitarteko enklabeen egoerarengatik kezkatuak, Nafarroako gobernua eta Pirinio Atlantiar Departamendua –Akitaniako Eskualdearen laguntzaz– Pirinioen mendebaldearen barnean garraio ardatz baten estudioan engaiatu gara». Azterketak ez omen du azpiegitura berriak eraikitzea xede, garraio arazoari irtenbide bat ematea baizik.
Lehen fasea
Azterketaren lehen fasearen emaitzak iazko abenduan aurkeztu ziren. Baiona, Iruñea eta Biarnoko Saliese artean ingurumari geografiko zehatz bat agertzen dute: «
Iberiako trenbide sarea ez da lotzen sare europarrarekin. Errepide eta trenbide sareen arteko desoreka begibistakoa errealitatea da. Merkantzien garraioa gehiena Pirinio mendikatearen bi muturretatik pasatzen da. Ibilgailu txikiak eta bidaiarien zirkulazio joera antzekoa izaki. Azterketak ere dio, etorkizun hurbilean errepide azpiegiturak eskasak izanen direla Pirinioaren mendebaldean. Irun, Dantzaria eta Arnegitik 50.000 ibilgailu pasako dira egunean 2.010 urtean, eta 2.020 urtean 65.000». Egoera hola, bi aldeetako agintariek azterketaren bigarren faseari ekitea agindu zuten urtarrilean. Azpiegitura berri bat eraikitze xedez, autobide berriak 17.000 ibilgailuen zirkulazioa bideratu lezake 2.020 urtean.
Bigarren fasea
Azterketaren bigarren faseak Pirinioaren bi aldeetako egoera sozio-ekonomikoa eta ingurumen ezberdinak nabarmentzen ditu, baita soluziobide anitzak aurreikusi ere. Ondorioz, Pirinioa gainditzeko zazpi saihesbide eginkor landu ditu ikerlanak: «
1.:Trenbidea: bi korridore eskaintzen dituena. 2.: dauden azpiegituren gainetiko errepidea: beste bi korridore. 3.: sare berri baten diseinuak hiru korridore zabaltzen ditu». Trenbideak, Iruñea-Irun edo Iruñea-Baiona lotuko lituzke. Oraingo errepideak edota azpiegiturak baliatuz gero, korridoreek Iruñea eta Saliese lotuko lituzkete; zenbait gunetan errepidea bikoitza izanik. Ingurune birjinetan barna eraki daitezkeen korridore posibleak hiru dira:«
Baztanen barrena Izpegitik Baigorriraino. 18 kilometroetako 16 tunel beharko lirateke. Beste korridorea Aldudetik pasako litzateke, Esnazu mendia zeharkatuz Baigorriraino. 33 kilometroko 10 tunel beharko lirateke. Hirugarren korridorea Orreagan barna joango litzateke, Luzaide-Arnegitik paseaz Donibane Garaziraino. 8,3ko 5 tunel beharko lirateke. Tunel guzti hauek 700 eta 900 metroko altueran eginak izango lirateke. Hiru korridore hauek, hegoaldean Imarkoainen lezakete abiaburua. Iparralde edota Biarno aldean berriz, Ahurti, Peirorade eta Saliesen lirateke lotuneak