Zinema musika jendearengana hurbiltzea lortu du saioak; ikuspegi anitza emanez, gainera. Alde batetik, soinu bandek musikaren kulturarekin duten harremana jorratzeko, baina ez orain modan jarri diren talde ezagunen kantekin osatuak, musikariek espreski egindako konposaketekin baizik. Bestetik, soinu banden beharra eta eragina filmaren baitan goraipatzen da. Azken bi urtetan astero hainbeste soinu banda paratzeko, hiru iturri dituzte: irratiko fonoteka zabala, saioa egiteko berariaz erosi diren CDak eta gainontzeko materiala Josebarena berarena da. Orain, ostiraleko saioan gonbidatu batekin zinemaz solastatzen dira. Larunbat eta igandetan berriz, soinu banden monografikoa egiten dute.
«Gonbidatuen % 90 zinemarekin harreman profesionalik ez duen jendea da» azaltzen digu Agirretxeak.
«Pentsatzen ez nituen zine zale amorratuak etorri dira, esaterako, Donostiako fiskal bat zine kontuetan izugarri jantzia zegoena. Beste solasaldi atseginak ere baditut gogoan: besteak beste, Santiago Aizarnarekin, zekizkien datu guztiengatik, baita Martin Ibarbia ekoizlea eta Xabier Aierdi soziologoarekin izandakoak ere».
Bestalde, saioak ere badu bere txoko pipermina, Nekane Desmonden kronika ozpintsuei esker Hollywoodetik. Euskaldunen alaba, erabat Hollywood-izatua dago, friboloa eta glamour zalea, Woody Allen eta Meryl Streep-i narda bizia diena, ezin du «autore zinema» izeneko hori jasan.
«Bere ahotan beste asko esatera ausartzen ez diren kontuak jartzen dira, ironia handiz eta irain ukitu batez. Era berean, zine zale porrokatua izanik, txutxumutxuez aparte, artistikoki puri-purian zer dagoen ere kontatzen digu». Nekaneren kontralari litzatekeen beste pertsonaia bat ere pentsatua dute,
«Woody Allen zapuztu bat, jarraitzen badugu bisitatuko gaituena»