Zineman dagoela alienak, leherketak eta efektu bereziak ikusi nahi izaten ditu Europako jendeak. Pantaila txikia aldiz, pertsonalagoa da, istorio mamitsuei bide handiagoa ematen die. Horretaz oharturik, Europa osoko telebistak dantzan hasiak dira estatubatuarrei pastelaren zatia kendu nahian. Hain zuzen, bazen garai bat non ikusten genituen telefilm guztiak estatubatuarrak ziren. Bukatu zaie pagotxa baina. Halaxe, telesailen ondotik, orain telefilmen moda laster helduko zaigu. Nahiz eta «Ally McBeal» edo «Friends» bezalako telesailek tiradizoa handia izaten segituko duten, Europan berezko telesailen eskaera nabarmen igoko da 500 kateetako aro digitalean sartzen goazen neurrian. Telebista pribatuek ere horren aldeko apustua egin dute. Sortu zirenean, 1980. hamarkadaren hondarrean, telesail amerikarrak erosten zituzten katea publikoetatik ezberdintzearren. Berehala ikusi zuten ordea, telesail arrakastatsu bat erosteaz batera, trukean beste zenbait erdipurdiko erosi eta emititu behar zituztela. Halaber, zenbait herrialdetan, babes legeek programazioaren % 60 bertako ekoizpena izan behar duela agintzen dute. Dena den, ez dirudi horrek audientzian eragin handirik duenik; Mediametrie ikerketaren arabera, Britainia Handia, Frantzia, Alemania edo Italian iazko 10 saio ikusienen artean, zortzi Europako ekoizpenak baitziren eta bi film baino ez Estatu Batuetakoak.
ERREALITATEA OINARRI.
Gerard Depardieu eta Ornella Muttik antzeztu «Montekristoko kontea»k arrakasta itzela lortu du Europa osoan. Berriki, «Balzac» izeneko bigarren zatia amaitu dute, koprodukzioa bultzatuz gainera (Frantziako TF1, Alemaniako Kirch Group, eta Italiako Mediaset). «Kixote»ren bertsio berria ere prestatzen dihardute.
Espainia mailan, Antena 3ekoak Santiagoko bidea ardatz duen telefilma (Anthony Quinn eta Gregory Peck-ekin) amaitzen ari dira. Nolanahi ere, FORTA (Irrati-telebista Erakunde Autonomikoen Federakuntza) izan da horren aitzindari eta bultzatzaile. Beraz, telefilmen gidoiak aurkezteko deialdia egin eta hirurehundik gora aurkeztu ziren, horietatik 6 hautatu dituztelarik, tartean Pausokak aurkezturiko bi: «Pleno al 15» eta «Clara».
«Telefilmetan, gai aldetik mugarik ez badago ere, errealitatean oinarria duten istorioak hobesten dira. Gertakarien orrietatik atera diren istorioak dramatizatu, edota bere gaurkotasunagatik, gure gizartearen sentsibilitatea inarrosiko duten gaiak; esaterako, Espainia aldean egingo den beste telefilm batek Ramon Sampedro tetraplejikoaren bizitza du kontagai» argitzen digu Xabi Puerta Pausoka ekoiztetxeko garapen eta proiektu zuzendariak.
Bere irudiko, gidoi bakoitza hiruzpalau gidoilarik egitearen arrazoia xinplea da:
«sinopsisa idatzi ondoren zenbait hilabete iragan daiteke tratamenduari ekin aurretik. Eta gidoiarekin, beste hainbeste. Gisa horretan, hasieratik proiektuan zeuden gidoigileek beste eginkizunak edukitzean, beste batzuek hartu behar dute testuaren ardura». Bi telefilmek 75 milioiko aurrekontua izango dute. Zine euskarrian egingo badira ere, litekeena da hurrengo egitasmoak euskarri digitalean grabatzea, askoz merkeagoa baita.
KORAPILOAK ETA JAZARPENAK.
«Pleno al 15» abentura da eta «Clara» aldiz, thriller hutsa. Lehenaren filmaketa Sevillako sargori epelean hasi dute, Josetxo San Mateo zuzendari dutela. Honako hau da istorioaren hari nagusia: langabezian dauden lau lagun sevillarrek kiniela potolo bat asmatuko dute. Saria alaiki ospatzen ari direla, agiria gordetzen zuen laguna ez da inon agertzen. Betis zale amorratuak izaki, hiru lagunek okerrena pentsatzen dute: falta denak alde egin duela, Sevillazalea baita. Baina berehala jakingo dute bere laguna hil egin dela eta familia bazuela, gainera. Orduan, agiriaren bila hasiko dira, alferrik baina. Azkenean, zerraldoa hilobitik ateratzea bururatuko zaie, agiria jakako patrikan gorderik duelakoan. Orduan ere komeriak egongo dira. Aktore nagusiak Jesus Bonilla, Antonio Dechent eta Juan Motilla dira. Santiago Segurak ere agerraldi berezia egingo du.
Bestalde, abuztuaren erdialdean hasita, Bizkaiko txoko ikusgarrietan filmatuko da «Clara», non jenero beltza, suspentsea eta akzioa egokiro nahasten diren, thriller arranditsu bati bide emanez. Clarak istripu baten ondorioz duen amnesiak iragan ilun eta arbuiagarria ezkutatzen du, Omar Bogossian iraniar mafia gizonaren aginduetara zegoenekoa. Omarrek krimena du ogibide, eta negozio berriz, droga trafikoa, armak eta emagalduak. Clara ez da oroitzen bere nagusia agur esan gabe utzi duela; eta larriena, informazio errebelatzailea duen CD-ROM bat aldean duela. Omar muga ondoan dagoen Nua herrira iritsiko da Clara hil eta bera errudun egiten duten frogak ezabatzeko asmoz. Bertan, Clararen lagunak bizi dira, Mikel, Martin, Ainhoa, Tomas eta Ibai txikia. Artola Hotela da haien bilgunea. ETAko kide ohia den Mikelek bizitza lasaia darama, aktibismotik urrun. Clara neskalagun ohia defenditzeak ostera, Mikel auzian parte hartzera behartuko du. CDa bereganatu eta ezkutatu egingo du Clararen bizitzaren berma gisa. Orduan, Omarrek bere ahalegin guztiak eginen ditu biak akabatzearren.
«Lo + plus»eko arduradun den Antonio Cuadri izango da zuzendaria. Gidoilariak aldiz, Xabi Puerta, Manu Gil, Antonio Moreno eta Santiago Lopez izan dira. Antzezpenari gagozkiola, aipa dezagun Paulina Galvezek Clararena egin behar zuen arren, azken orduan bere ajenteak diru gehiegi eskatu eta parte hartzeari uko egin diola. Hortaz, erlojuaren kontra ari dira Pausokakoak ordezko baten peskizan. Aitor Mazo, Arthur Rowshan, Andoni Erburu, Pilar Barrera, Elsa Pataky, Candido Uranga, Jokin Oregi eta Txema Blascok osatuko dute banaketa. Telefilm biak noiz izango ditugun ikusgai zehazteke badago ere, oso litekeena da Gabonetan edo urte hasieran izatea