Haur Hizkuntzari buruzko Nazioarteko VIII. Biltzarra burutu berri da Donostian. Uztailaren 12tik 16ra bitartean mundu osotik etorritako 600 aditu izan ziren Kursaalean eta gai honen inguruko euren ikerketa eta gogoetak egin zituzten. Topagunea Euskal Herrian izaki, hizkuntza gutxituen ikasketa prozesuek tarte berezia izan zuten. Association for the Study of Child Languageko (IASCL) lehendakari Philip Dalek esan zuenez, «haurren eleaniztasunaren kontrakoak arrazoi politikoak dira, nazio bat izateko hizkuntza bakar bat izan behar dela pentsatzera daramatenak». Elebitasun egoeran, gainera, haurrek hizkuntza horiek «nahasi gabe» ikasten dituztela defendatu zuen.
Haur Hizkuntzari buruzko Nazioarteko Biltzarrean antolatzaile lanetan jardun duen Itziar Idiazabal albiste iturri da halaber. EHUko Euskal Filologia katedraduna Unesco erakundea bultzatzen ari den Munduko hizkuntzen txostena lantzen ari da, beste hainbat aditurekin batera. Munduko hizkuntz-egoera soziolinguistikoen tipologia egitea da Unescoren helburua eta 2001. urterako burutua egotea espero dute.
Lezoko Udalak «Lezoko euskararen historia soziala» ikerketa lana argitaratu berri du. Liburu hau beka baten emaitza da; bekaren irabazlea eta liburuaren egilea Imanol Esnaola da. Lezoko gazte honek Euskal Herriko historia soziala eta bere herrikoa tartekatu ditu; hasieran, eta aroz aro, lehena azalduz, eta ondoren Lezokoari atxikiz.
Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideek Iparraldean bide seinaleak ele bitan jar ditzaten borrokan jarraitzen dute. Kontseilu Nagusiaren Baionako egoitzara hainbat bide seinale ele bakar –frantsesez soilik– ele bitan –euskara ere sartuz– itzuli zituzten. Ekintza honen bidez, «euskararen aldeko hizkuntz politika eraginkor» bat ezar dezaten eskatu zuten.