Han eta hemen, urte-garairik onenean, naturaren eskuzabaltasuna nabarmenena den honetan, ospakizunetan blai izaten gara. Egin eta gero jai, noski. Egin beharrekoak ere ez dira txantxetakoak izaten. Ikuiluetako apopiloen neguko amaigabeko gosea asetzeko belarzulo, plastiko potroilo, mandio, ganbara eta metetara bibelarrak biltzea; urte guztiko frijitu-antsia baretzeko patatak ebaki gabe atera, eguzkitan azala laztuz lehortu eta txukun-txukun etxekoandreak agindu bezala xabal-xabal jasotzea; erruz zimaurtutako sailean porru-saila landatu eta erreka-harea edo errio-hondarra arin dantzatutako baratza-kantoi batean azenarioa erein, inoiz nahikoa laudatuko ez ditugun porru-patatakin neguko hezurretako hotza kentzeko; oilategia gobernatzeko urrezko artoari hankapean izanagatik behar baino ur eta elikagai gehiago lapurtzen dizkioten txomin-belar edo barrabas, piper-belar, praile-belar eta berez txarrak izan baino gaizki begiratzen diegun belarrak jorratzea; etxeko ttikienak bailira, gaitz pattalenen beldur, busti ordurako mahatsondo zaharrak botikaz ondo igurztea, mahastizainak botika-pozoia irentsiz ezin baitio irribarreari eutsi, ardoa edan baino jan egiten dugunok, eguraldia aitzaki, hurrengo uzta ere bi aldiz gehiago ordaintzeko prest izango garela baitaki. Bada jaiaren aurreko zeregin pranko. Zelebrea bada ere, ezagutua dut herriko jaiak behar bezela ospatzeko babarrun motza Santio egunean bi hostotan ikusi behar izaten zuena. Gero festa eta zalaparta