argia.eus
INPRIMATU
TRANQUILITOS, MOLO
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
TRANQUILITOS, MOLO
Lasaitasun ederra nik hartu dudana. Badaezpadako deskantsua, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari berritzat onartu dugunean. Banengoen bada, EHEk edo montatuko ote zuen sesioren bat EHk urgentziazko sistemaz bere burua euskaldunduko zuenaren promesaz, Andoni erdalduna zuzendari berritzat izendatzea gauzatzen zutenerako. Bainan kia, mendiko urak urtegiratzen diren legez EH gauza izan dugu ezker abertzalearen indar sakabanatuak bildu eta bateratzeko. Zorionez, jada ez da bere kasa urak desbideratzen jardungo duen amaren seme alabarik izango bazterretan. Izan ere, euskaldunok Euskal Herria ezagutzen ez duenaren zuzendaritza beharrezkoa dugu. Horrela, euskara zerbitzuak gizenduz erosoago bizi gintezke euskaldunak Erdal Landian, guretzat propio eratutako Kontseilua eta behar ditugunak antolatuz. Sekuritate Soziala eta guzti.
Frogaturik baitiogu gure buruari, erdaldunak bazterturik senti ez daitezen guhaur garela egokienak ETB Dos bezalako bide alternatiboak asmatzen. Eta ezagutzen ez gaituenez, agian Andoni erdaldun bat egokiagoa da gurea kudeatzeko, bere gurekiko urruntasuna dela eta idealizagarriagoak gerta baikaitezke bere aurrean. Eta gure betikotasuna gal ez dadin, erdalduna dugu igual kapazena gure kromainontasuna ekoizpen bilakaturik merkaturatzeko, eta ezinbestekoa dugun globalizazioan propio guretzat lekua aurkitzeko. Baietz, hobe dugula erdalduna goberna gaitzan, horko urtegiko urak aski baititugu gu asetzeko. Eta gero, gerokoak