Hiriburuko jaiak bukatuta biharamuna arintzeko erremedio batzuk emango dizkizut aukeran, festetako gozamena bakoitzarena eta berezia den bezala ondorengo ajea ere apartekoa baita bakoitzarentzat.
Buruko mina kenduz hastea izango da onena. Honetarako amuntza (
Glechoma hederacea) edo sasipeko-belarraren hosto berdeak garbi-garbi egin eta iragazki batean zukutu; ur hau sudurretik zurgatu. Erretzailea denarentzako, zuku hau bera eztiarekin nahastu eta maiz-maiz hartuz gero biriketarako bideak baretu eta zabaldu eta arnasketa erraztuko zaio. Oinetako baba, maskur, juanikote, ikurtzirin eta abarretarako ozpinetan amuntza beraren hosto batzuk jarri egun pare batez, ozpinaz igurtzi ondo hanka eta gero kataplasma gisa beratutako hostoak bertan lotu.
Oinpeko apopilo hauentzako esne-belarra (
Eurhorbia helioscopia) ere erabiltzen da. Landare honen izerdiak esne itxura ederra du, baina pozoitsua da eta batez ere, erre egiten duenez kontuz begien eta ahoko-zuloaren inguruan dantzatu. Esnea ozpinarekin nahastu, kotoi puska bat busti eta maskurra non han lotu.
Gorputza pataldua baduzu laharrari (
Rubus ulmifolius) heldu. Ez diozu arantza oker artetik tira egin beharko, eskukada masusta jatea nahikoa da. Eraitsitako gorputza piztu eta kitzikatu egiten duela-eta, hiriburutik igarotzen den Donejakue bideko erromesei masustak eta ardoa nahastea gomendatzen zaie. Parrandaren bidezidorretatik ibili denarentzat ere kategorian!