argia.eus
INPRIMATU
KILOMETROAK-EN "KILOKAZETA"
1999ko uztailaren 11
KILOMETROAK-EN "KILOKAZETA"
Azken aldian herrialde bakoitzeko ikastolen festa eguneko ospakizun baino, egitarau zabala duen fenomenoa bilakatu da, ekintza sorta dezentea antolatzen baita bakoitzaren inguruan. Hala, Kilometroak 99ko antolatzaileak hasiak dira dagoeneko udarako ekitaldiak antolatzen. Hauen berri eta urriaren 3an Errenterian ospatuko den egunaren inguruko xehetasunak izateko «Kilokazeta» izeneko agerkaria kaleratu dute. 30.000 ale inprimitu dituzte eta Gipuzkoa osora zabalduko dira. Gainera, Orereta Ikastolako lehendakari Xabier Oleagak iragarri duenez, aurki web orri bat jarriko dute sarean, nahi duenak bertatik ere Kilometroak 99ren berri izan dezan.

A EREDUAREN BEHERAKADA
Berriki ezagutarazi dituzten EAEko 1999-2000 ikasturterako aurrematrikulen datuek argi adierazten dute A ereduaren beheranzko joera. Azken urteotan errepikatzen den kontua da, eta Hezkuntza Sailean hasiak dira ereduaren aldaketa hausnartzen. EAEko Legebiltzarreko alderdi gehienek ere aldatu beharrekoa dela uste dute, nahiz eta ikuspegi desberdinak izan. PP eta UA aldiz, bere horretan mantentzearen aldeko dira.

EUROKARTA SOLASGAI
Jacques Chiracek Konstituzioa aldatzearen aurka egin adierazpenek zeresan ugari ekarri dute azken asteotan. Frantziako lehen ministro Lionel Jospin aldatzearen aldeko agertu da, baina presidenteak ezetza eman du, Frantziaren batasuna zalantzan jarriko duelakoan. Iragan astean frantses Alderdi Sozialistak jakinarazi zuen egoera honi aurre egiteko lege proposamen bat pausatuko duela Asanblea Nazionalean, «gure helburua Frantziak Eurokarta lehenbailehen berrestea baita».

EUSKARA BIZIBERRITZEKO PLANA AZTERGAI
Eusko Legebiltzarreko talde abertzaleek onartu dute Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia Legebiltzarrean eztabaidatzea. EAJ, EH eta EAk komenigarritzat jo dute, «politikoki nahiz estrategikoki» eztabaida parlamentarioari bide egitea.