Hiruko hau idazten ari naizenean, Gipuzkoako Irunen ari dira Alardeetan. Eta gaurtxe goizean inguru hartako entrepresa batean zuzendariarekin solasean ari nintzela, bertako telefonistaren (berau emakumea noski) jardun suharra entzuteko parada izan dut. Alardeei buruz. Emakumeek ba omen dute tradizionalean beren leku propioa. Kantinerak. Soldaduen zerbitzuan. Hauen egarri berdintzaile, okeragile. Eta zaldiak soldadu ez diren bezalaxe, (argudio estandarra) kantinerak ere ez. Bakoitzak bere lanak. Horrela ari zela, ofizialekoak lotsagabe eta sesioiletzat jotzen zituen, goizekoan Udaletxeak agindu ordutegia onartzen ez ei zutelako. Inguruan zituenak aldeko, eta horrek beroturik, laineztua ikusi dut bukaerako. Zuzendariaren bulegoa utzirik, bere aitzinetik igarotzean eta hauek urantzuarrak soilki berotu ditzaketen ekintzak direla jakitun, zeraz zuzendu natzaio: jarrai ezazu telefonoan, entrepresaren tradizioak ez baitio beheko almazeneko txakurrari eta emakumeari lekurik egiten zuzendaritzan. Eta aho zabalik, harriturik utzi dut epel. Izan ere, fundamentalismoak nonahi aurki ditzakegu