Ez larritu! Ez dago inolako manipulazio genetikorik irakurri berri duzuen tituluaren azpian. Kontua oso bestelakoa da. Izan ere 200 pertsona ingururekin, gazteak gehienak eta unibertsitateko ikasleak asko, iazko urtearen amaieran osatu zen Gasteizko Txagorritxu Ospitalean martxan jarritako talde berri baten datu-basea.
Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak, Osakidetzak eta Leia Fundazioak elkarlanean martxan jarritako ikerketa-talde honetan esperimentatu egiten da botika berriekin, pertsonen gain eduki ditzaketen eraginak eta portaera-ereduak ezagutu eta ebaluatzeko, botika horiek merkatuan komertzializatuak izan aurretik.
Eta zer-nolako baldintzak bete behar ditu giza akuri batek, talde horretan sartu ahal izateko? Aurreneko eta ezinbesteko baldintza borondatea da. Boluntarioek 18-30 urte bitartekoak izan behar dute, alergiarik gabekoak izan behar dute, bizi-aztura osasuntsu eta lasaiak eduki, ez erre eta edan ere neurriz egin behar dute. Baldintza horiek betez gero, proba analitiko batzuk egingo zaizkie eta behin bere osasun-egoera egiaztatu ondoren, hautagai egokiak izango dira esperimentu medikoetan sartzeko. Oraingoz martxan dauden bi entseguak antibiotiko baten eta hipertentsioaren kontrako botika baten eraginak neurtu eta egiaztatzera bideratzen dira