Nafarroako ekonomia Europakoarekin lehiatzeko moduan dago. Nafarroako ekonomia Espainiakoa baino gehiago hazi da, eta are Europakoa baino gehiago ere. Hazkundearen arrakastari esker, Espainiako batez bestekoa baino ongizate maila hobea izan du Nafarroak. 1955etik 1993ra bitartean 3,4an biderkatu du bere errenta per capita; era horretan 1993an Espainiako batez bestekoa baino % 14 gorago jarriz. Nafarroako ekonomiak sortu duen aberastasunak Espainiako bosgarren ingurune aberatsena bihurtu du, Balearrak, Madril, Katalunia eta Errioxaren ondoren.
Hauek Ezequiel Uriel eta Joaquin Maudosek BBV Fundazioarentzat egindako txosten zabalaren ondorioak dira. 332 orriko lan hori apirilean aurkeztu zuten Nafarroako hiriburuan, «Nafarroako ekonomiaren kapitalizazioa eta hazkundea 1955-1997» izenburupean.
Lanaren funtsezko helburua Nafarroak 50eko hamarkadatik 90ekora bitartean izan duen kapitalizazioa eta ekonomia hazkundea aztertzea izan da. Kapital fisiko eta giza kapitalaren prestakuntza, enplegua, errenta eta produktibitatea izan dira azterketan kontuan hartutako arloak, Espainiako ekonomi testuingurunean kokaturik beti ere. Egileek diotenez, beren helburua irakurleari ekonomi horrek izan dituen funtsezko joeren deskribapena eskaintzea da, eta «
Espainiako ekonomiarekin edo beste eskualde batzuetako ekonomiarekin alderatu ahal izatea». Lan horrek Nafarroako ekonomiari buruzko informazio estatistikoaren bilduma interesgarria ere eskaintzen dio irakurleari, batez ere ekonomia hazkundeari loturik.
NAFARROA EUROPAN.
Nafarroa Espainiako beste autonomia erkidego gehienak baino gehiago hurbiltzen da Europara, ongizate ekonomikoa neurtzeko erabiltzen diren funtsezko aldagai makroekonomikoak kontuan hartuz. Horrela, Barne Produktu Gordinaren (BPG), errenta per capita edo langabezia tasei dagokienez, Nafarroa nabarmendu egiten da Espainiako testuinguruan, eta Europaren batez bestekoa baino langabezia tasa txikiagoa du.
Integrazio ekonomikoak EBeko herrialdeei merkatu zabalago batean aritzeko eta espezializaziorako aukera handiagoa eskaintzen die. Integrazioak dakartzan abantailetako bat atzerriko inbertsioak erakartzearena da. 1987tik 1997ra bitartean –hau izanik datu ofizial ziurrak dituen azken urtea– Nafarroan izan diren atzerriko inbertsioei buruzko datuak oso esanguratsuak dira. Nafarroak 1987 urtean zuen atzerriko inbersioa 1.263 milioi pezetakoa (50 milioi libera) zen, eta 1997an berriz, 130.000 milioikoa. Igoera garrantzitsuena 1993-1994 urteetan gauzatu zen, 84.000 eta 130.500 milioi pezetako inbertsioekin, hurrenez hurren. Igoera nabarmen hori, batez ere, Wolkswagen multinazionalak egindako inbertsioen ondorio da. Nafarroan atzerriko inbertsioek izan duten gorakadaren adierazgarri da ondorengo datua: 1987an Espainiarekiko % 0,17 zen, eta 1997an, berriz, % 5,4. Europako Batasunak nafar esportazio eta inportazioen geroz eta ehuneko altuagoa bereganatzen du.
Espainia EBean sartu ondoren gertatutakoaren laburpen gisa, adierazgarri makroekonomiko multzo bat bildu dugu beste orrialdeko taulan, Nafarroa Espainiako eta Europako testuingurunean kokatzeko balio dutenak.
Nafarroako ekonomiaren ezaugarri nagusiak, azterketa honen arabera, ondorengoak lirateke: herrialdearen neurri txikia, geografikoki (Espainiako azaleraren % 2 hartzen du), demografikoki (Espainiako biztanleriaren % 1,35, 1997an) eta ekonomikoki (% 1,50 Balio Erantsi Gordinaren ikuspegitik –ekoizpena– 1997an); biztanleriaren dentsitate txikia; egoera oso ona Espainiako ekonomian; aldagai makroekonomiko nagusietan Europarekiko antza handiagoa Espainiarekiko baino; espezializazio produktiboa, batetik Espainiako batez bestekoa baino industri presentzia garrantzitsuagoa izanik eta, bestetik, zerbitzuen sektorea gutxiago garaturik; eta Espainiako ekonomian gertatzen den bezalaxe, ahalegin txikia Ikerketa eta Garapenean (I+G), EBk I+Gko gastuetarako eskaintzen duen BPGaren % 1,9aren ondoan, Nafarroakoa % 0,9 baita.
Ikerketa eta Garapenaren alderdi hori da Nafarroako ekonomiaren alderdi ahulenetakoa. Adituek diotenez, inbertsio ahalegin garrantzitsua egin beharko litzateke ikerketaren arloan, produktibitatean eta lehiakortasunean aurrera egiteko
Nafarroako ekonomiaren azterketa zabala
Nafarroako ekonomiaren kapitalizazioa eta hazkundea 1955-1997» azterketa zazpi ataletan egituratzen da. Lehenengoan Nafarroako ekonomia Espainiako hazkundearen testuinguruan jartzen da eta, aldi berean, Europako konbergentzian duen bilakaera aztertzen. Bigarrenean, eskualdeko ekonomiaren bilakaeraren ezaugarri nagusiak bereiztea ahalbideratzen duten funtsezko aldagaien jarraipena egiten da: biztanleriaren bilakaera, produkzioarena eta eskualdeko errenta per capitaren aurrerakada. Horrekin batera, 1955-1997 bitartean Nafarroako produkzio egiturak izandako aldaketak aztertzen dira. Tarte horretan nekazaritzak garai batean zuen garrantzia neurri batean galdu egin du eta industriak garrantzi handiagoa hartu du. Geroago, zerbitzuak ere indartu dira.
Kapital fisikoak eta giza kapitalak duten hornidura maila da hirugarren atalak lantzen duen arlo nagusia. Kapital fisikoaren stocka bere oinarrizko osagaien arabera aztertzen da: kapital pribatua eta kapital publikoa. Herrialde honetako inbertsio publiko eta pribatuaren jarraipena ere aztertzen da. Laugarrenean, produktibitatea eta bere hazkundearen iturburuak aztertzen dira.
Bosgarren atalean biltzen da herrialdearen produkzio egituraren azterketa nagusia. Azterketa, lehenik, herrialde honetako lau esparru nagusietan –nekazaritzan, industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan– produkzioak eta enpleguak izan duten aldaketen bidez egin da. Bertan aztertzen dira Nafarroak atzerriko herriekin dituen harremanak.
Seigarren atalaren helburu nagusia, herrialde honek mende erdiaz geroztik izan duen hazkundearen ondorioz izan dituen banaketa arazoak aztertzea da. Bertan errentaren banaketa funtzionala eta pertsonala, eta errentaren banaketa familiarra eta erregionala lantzen dira. Azkenik, zazpigarren atalean, ondorio modura, Nafarroako ekonomiaren kapitalizazio eta hazkunde prozesuaren gertakariak laburbiltzen dira