argia.eus
INPRIMATU
Europako Batasunetik dator notizia
Baleren Bakaikoa Azurmendi 1999ko uztailaren 11
Europako Batasunetik (EB) datorkio erasoa Euskal Herriari. Hain zuzen, Hego Euskal Herri osoan eratuta daukagun Kontzertu Ekonomikoaren (Komenio Ekonomikoa Nafarroan) aurka altxatu da Karel Van Miert lehiarako batzordekidea eta antzeko erabakia har dezake Luxenburgeko Europako Epaitegiak. Badirudi, Olivareseko Konte-Dukeak egin zuena Flandria aldean mendekatu nahi duela Van Miertek, baina Espainiako estatuaren aurka egin ordez Euskal Herrian geratu da, guri ete Konte-Duke ospetsuak kalterik egin ez bazigun bezala.
Laburki esanda, Van Miertek kontzertu Ekonomikoan onartzen zaigun eskuduntza fiskala murriztu nahi digu, eta euskaldunok zuzenean ordezkapenik ez daukagunez EBko erakunde gorenetan, Espainiako estatuak defendatu behar gaitu. Eta badakigu, jakin ere, Espainiako estatuko ordezkari askoren jarrera Kontzertu Ekonomikoarekiko. Izan ere, nahikoa dugu begirada bat botatzea Kontzertu horien historiari ohartzeko zer-nola ikusi izan den zerga-sistema berezi hau Madriletik. Ezin dugu ahaztu Gamazo ministroak egin nahi izan zuena Nafarroako Komenio Ekonomikoarekin 1893an; laurogei mila nafar kalera elkarturik atera ziren Gamazori aurre egiteko, eta azkenean ministro honen nahia bertan behera geratu zen eta berehala bere postua utzi behar izan zuen.
Mende honen hogeigarren hamarkadan Calvo Sotelo Ogasun ministroari iritsi zitzaion ordua Kontzertu Ekonomikoa auzitan jartzeko, baina berak lortu ez zuena Francok 1937an burutu zuen, Bizkaiari eta Gipuzkoari kontzertua kendu baitzien zigor gisa. PSOEko batzuren jarrera ezagutu dugu azken aldi honetan. Eta abar.
Zalantzarik gabe, Kontzertu Ekonomikoaren edukina zerga-sistema bezala arreta handiarekin irakurri behar da. Nire ustez, Kontzertuaren garapena, EAEko Biltzar Nagusiek eta Nafarroako Legebiltzarrak burutu dutena, ez da batere egokia izan, arau atzerakorrak onartu baitituzte. Bestela, hor dago Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, zeinek aurrekortasun handia galdu duen; zer esanik ez Sozietateen gaineko Zerga zeinen alde dagoen, enpresa erraldoiak txikiak baino gehiago profitatzen baitira.
Hau guztia egia da, eta arau atzerakorrak onartu badira, indar korrelazioek honela gauzatzen ahalbideratu dutelako izan da. Izan ere, alderdi ezkertiarrak eta aurrerakorrak direla esan eta praxian eskuinak egiten duena gauzatzen baitute. Hor dago kakoa eta ez geure herrian dugun zerga-sisteman.
Baina beste gauza bat da kanpoko erakunde batek geurea den zerbait auzitan jartzea eta ondorioz zenbait eskuduntza murriztu nahi izatea, honela egitea geure burujabetasunaren aurkako erakunde horietan defendatzeko modurik ez baldin badugu.
Bestalde, Van Miertek edo Europako Epaitegiak badaukate zer egin ugari lehia librea eta gardena bermatu nahi badu EBan. Izan ere, edozein estatu kidek modu bat baino gehiago erabiltzen du diru-laguntzak emateko enpresek inbertsioak beraien herrialdeetara egin ditzaten. Marcial Ucin Iparraldera joan zenean ez al zizkion Frantziako estatuak laguntzak eskeiniko? Edo Errioxa aldean egiten diren inbertsioek ez al dute laguntzarik jasotzen? Hor daukagu Luxenburgeren kasua non kapitalentzat paradiso fiskal den EBren erdi-erdian, agintari politikoek begirada beste aldera botatzen duten bitartean, ezer gertatuko ez balitz bezala. Janariek pozoina barruan eramatea lehia librearen esparruan kokatzen al da? Ez al zen egokiagoa izango honelako arazoak konpontzen saiatzea euskal erakunde batzuek onartu dituzten zerga-pizgarriekin gora eta behera ibiltzea baino? Beraz, galdera ugari eta erantzun gutxi. Gainera, zerga-pizgarriak ez dira determinante garrantzitsuenak inbertsioak erakartzeko.
Lehenengo mendearen amaieran nafarrak Gamazo ministroaren aurka altxatu ziren eta kargutik kentzea lortu zuten. XX. mendea bukatzen ari den une honetan ez al litzateke egokia izango euskaldun guztiak, Europaren aurrean Van Miertek egin nahi digun maltzurkeria aitzakiatzat hartuta? Erantzun sendoak emateko garaian gaude!