Apustu polita izan da albisteen gibelaldea egunero erakustea. Ez baita erraza orijinala izatea hain bitarteko gutxi edukita. Ordainetan, lantaldeak irudimena eta ofizioa agerian utzi du, premia dagoenean nonahitik ateratzen baitira ideiak. Halaxe, «Bai zera!»n agertu diren kontu eta albisteen esanahi ezkutuak jendearen ahotan ibili dira maiz. Horietako batzuk gogoraraztea baino ez dago. Hala nola: duela gutxi arte Nafarroako zenbait lekutan egon diren debekuak: «galarazia arrazoirik gabe biraoka aritzea», «debekatua dago emakumeek bakarrik dantzatzea, eta gizonekin dantzatzeari uko egiten diotenak kanporatuak izanen dira», «galarazia karrikan ur handi eta txikiak egitea; harrapatuz gero, erdia ordaindu beharko du». Zeren erdia? galdetu beharko litzateke, noski. Oharkabean pasatzen zaizkigun kontu mordoska ere izan dituzte mintzagai. «Konspirazio teoria» kasu: susmagarria da Estatu mailan Euskal Herria eta Kataluniako autopistak garestienak izatea, gainontzeko lekuetan oso merkeak edo doanekoak diren bitartean. Zergatik ote halako bereizkeria? Gaizki pentsatu eta asmatuko duzue seguruenera. Mapa argigarri bat erabili zuten kontu hori azaltzeko.
BI ABIADURAKO TRENA.
Lehen aldia izan da Kike Amonarriz zuzendari gisa aritzen dena, eguneroko programa batean gainera, planifikazio eta koordinazio zorrotza eskatzen duena.
«Pozik nago, saioa txukun atera delako. Erronka bat izan da hasiera hasieratik, bai formatoa, bai ordutegia, baita tonuarengatik ere. Egunero izanda, gaiei ahal den zuku gehien ateratzen ahalegindu gara. Oztoporik handiena berezko irudirik ezin lortzea izan da, alegia, nahiz eta artxibo irudi franko erabili diren, hainbat gai alboratu behar izan dugu irudi faltagatik. Gai mamitsu bat baldin bagenuen baina irudirik gabe, saiatu gara beste euskarri bisualak sartzen, liburuak, afitxak edo guk egindako mapak direla» azaltzen digu Amonarrizek. Berez, nahikoa formula irekia izanda ere, dexenteko aurreikuspena behar dute gai eskasian ez egoteko. Kikeren esanetan
«aktualitatearen errepasoa egitean beti ateratzen dira gai interesgarriak. Horren arabera hasten gara gaiaren inguruko informazioa biltzen eta artxibo irudiak lortzen». Behin hori daukatela, azken orduan gertatu diren gauzak erantsi behar zaizkio. Egunak eman duena aintzat hartu, beti ere albisteen alde ezkutua bilatuz edo nabarmendu gabe pasa arren, kontatzea merezi duten bitxikeriak plazaratuz.
«Beraz, bi abiadura ditugu gure saioan: aurreikuspenak eta azken orduko gertakariak».
Hiru gidoilariren aniztasuna erabakigarria izan da orijinaltasun hori lortzen. Aurkezteaz gain, Jasone Osoro gidoilari lanetan aritu da. Bere irudiko
«era naturalean egin dugu gidoiaren banaketa, bakoitzaren gustuen arabera, hirurok estilo ezberdinak baititugu». Kikek dioskunez
«Rafa Castellano izan da nolabait eskarmentuaren ahotsa, pentsamendu eta ideia aldetik jakinduria eman duena. Ikerketa lanetan ohitua dago, gainera. Andres Gostin berriz, kazetari txingurria da, ttipi-ttapa, gauza guztiei zukua oso modu azkarrean ateratzen dakiena. Hortaz, estilo osagarriak dira Jasonek lantzen duen kazetaritza sozialagoaren ondoan. Horrek ekarri du ikuslea egunero ezustean harrapatzea, ez baitu inoiz igertzen nondik-nora joango garen». Era berean, saioa finkatu den neurrian, zenbait apaingarri sartu izan dituzte, adibidez, terraza txiki bat San Ferminetako entzierroa ikusteko.
«Azken batean, gidoia eta eszenifikazioa bereizi egiten ditugu. Bietan ahalegindu gara ikuslea harritzen, eszenifikazioa oso lagungarria baita saioa girotu eta begietatik sartzeko».
Bestalde, «Punto eta koma» atalean kolaboratzaileen inplikazioa ere uste baino handiagoa izan da, buru-belarri murgildu baitira programan, gaiak proposatuz eta taxuz landuz. Horren haritik, saioaren arabera aldeak egon dira emaitzari dagokionez.
«Batzutan gaiak berak ekarri du zalaparta; beste hainbatetan berriz, gonbidatuen ikuspegia izan da gailendu dena. Gero egin kontu programa bakoitzari bere tonua eman nahi izan diogula, zirikatzailea edo serioagoa».
KAZETARI «GAIXTOA».
Idazle moduan ezaguna zen Jasone elgoibartarra, «Tentazioak» liburuak izan duen oihartzunari esker. Kamera aurrean aldiz, aritu gabe zegoen.
«Oso esperientzia positiboa izan da niretzat, orain arte prentsa idatzia baino ez nuen ezagutzen-eta. Telebistan irudia da erregea, edozein albiste daukazula pantailan nola ikusiko den neurtu behar duzu. Ideia bikain bat edukita ere, ezinbestekoa da euskarri bisuala, bestela indar guztia gal dezake». Kikerengandik ere ikasi duela aitortzen du Osorok:
«Kikeren umorea nabarmenduko nuke, konplexuak baztertu eta bere buruari barre egiten daki. Eta horrek asko laguntzen du gauzak ikuspegi positibo batetik ikusten».
Zailena Jasonerentzat kamera aurrean jarri eta natural hitz egiten ikastea izan da,
«errespetua ematen dizulako. Baina tira, egunero izatean derrigor ikasten duzu. Laguntzailerik onena jarduna da eta, egia esanda, kamerarekin duzun jolas horretan disfrutatzen ere hasia naiz. Behin hori lortuz gero, zailena eginda dago. Dena den, oraindik zer hobetu asko daukat». Jasone ongi moldatuko zela jakin arren, Kikerentzako ere sorpresa atsegina izan da.
«Jasonerengandik talde lana kamera aurrean eta atzean uztartzen ikasi dut. Elkar ulertze bat lortu dugu, ikuspegi gazteago bat eman dio, gainera. Bestalde, kazetari «gaixto» batekin lan egiteak antena ondo jartzera behartzen zaitu beti; bere zorroztasunak nire planteamenduak ere zorroztera eraman nau»