Euskal Herrian lan istripu batek eragindako azken hildakoak mahai gainean jarri du berriro ere prebentzio planen arazo larria. Plan hauek ez dira existitzen edota ez dira betetzen EAEko enpresen % 86an –Nafarroako daturik ez dugu–. Gainera, behin-behineko enplegua areagotzen bada, logikoa da heriotza eragiten duten lan istripuak nahiz istripu larriak areagotzea. 1998an 147 pertsona hil ziren lan istripuetan, 1997an baino gehiago. 1999an jada 50 dira Hego Euskal Herrian hildakoak. Egoera honen aurrean, inork ezin du duen erantzukizuna saihestu: Administrazioak, patronalak, sindikatuek, komiteek eta langileek. Batzuk prebentzio planak ez indarrean jartzeagatik, eta besteak berauek ez exijitzeagatik. Eta ikerketei dagokienez, denborak dena ahaztarazten du. Hor dago Sondikako kasua; bertako txostena, lau hilabeteren ondoren, ez da iritsi epaitegira. Hildako bat gertatzen denean sindikatuek «nahikoa da» diote. Hori ez da nahikoa. Sindikatuen bateratzea beharrezkoa da hildakoak ekiditeko. Ala langileen bizitzaren defentsa, 35 orduak baino garrantzi gutxiagokoa da?