argia.eus
INPRIMATU
Hiriberritik abodira arte
Mikel Ozkoidi 1999ko uztailaren 04a
Oraingo ibilbidea ez da batere makala. Batetik aldapa ederrak ditugu aurretik, nahiz eta gogorrenak errepidez egin; bestetik zenbait bihurgune non gure orientazio trebezia erakutsi behar dugun. Gainera ibilbidea zati luze batean zehar lurrezko bideetatik igarotzen da, eta Auñamendietan gaudenez ez da harritzekoa lokatzez beterik aurkitzea. Baina eragozpen hauen guztien gainetik sekulako bide ederra dugu, gutxitan bisitaturiko lur eremu batetik. Maiz Orbaiztako arma olara hurbildu da jendea, hainbatetan ere Ori mendira, Otsagitik, baina bien arteko belardiak eta ikuspegi pribilegiatu hauek, ez dute ohiko txangoetan tokirik.
Gaurko abiapuntua Hiriberri dugu, Aezkoa barneko herri dotorea. Istorio franko kontatuak izaten dira errepide bukaerako herrietaz. Horietako batzuk egia dira eta beste batzuk berriz, ohituraz eta usadio zaharrei esker, egia gisa kontatzen dira. Herri honetan garaixeen eredu politak izateaz gain, hainbat tresneria zahar eta arropa gorde dituzte amatxiek. Herrian sartzean hartu eskuineko malda eta zuzen eliza gainditu, bertan aurkitzen den herriko tabernaren atera arte. Hemen kotxea utz daiteke. Hemendik gorantz, zuzen jarraituz, etxe berri baten pean dagoen aska bat ikusiko dugu, eskuinetik herriaren bukaera arte abiatzen garelarik. Pista hasten den puntuan PR (Ibilbide txiki) bateko norabide mapa dago. Hemendik aurrera aldaparen eragozpen bakarrarekin San Frantziskoko lepora helduko gara (3,2 km). Puntu honetan santuaren omenez eraikitako monolito bat dago eskuinean, eta bere barruan, horma-konka batean, bere irudia. Bertan ezkerreko bidea hartu beharra dago, bestea Abaurrearuntz zuzentzen baita.
Aurrerantzean Berrendiko mendizerra izango dugu erreferentzi moduan, gainera, pista nahiko ona denez, ez dugu arazorik izango amaitu arte. Hurrengo kilometroetan partzuergoa eta ereindutako soroak izango ditugu eskuinaldean, ezkerrean mendia eta zuhaitzak ditugun bitartean. (4,5 km) Bide gurutze bat aurkituko dugu, zeinean ezkerraldeko norabidea hartu behar dugun, aurrerago iturri garden bat aurkituko dugularik. (6,3 km) pista bat-batean amaitzen da eta oraingoan eskuinetik, ia zuzen, beherantz abiatzen den bide estutik aurrera joan behar dugu, basorantz. Lehenengo zatia bide estua eta maldatsua izanik ez da erraza, baina basoan bidea zabaldu egiten da eta akaso lokatz gehiago aurkituko dugu. Aurrera eginik Aezkoako partzuergoa eta Zaraitzuko herri-baso mugaren langa topatuko dugu, gainera hesiaren parean ubide bat egon ohi da. Hemendik metro gutxi barru, (7,4 km) soro batera helduko gara. Maiz gertatu den bezala, hemen ere nekazariak lurra goldatu du belardia izateko, bidea desagertaraziz. Horrela, bi aukera daude, batetik goitik, bazterretik joatea eta gero handik gutxira, ahal den moduan, ezkerrean beheko aldean dagoen hesi edo atakarantz bideratu; bestea hemendik jaisten hastea, aurreko atakara iritsi arte. Bi aukeretatik lurrak eskaintzen duena erabaki. Lehen aukera eginez gero ibilbide zati batean bizikletatik jaitsi eta bultza egin beharko zaio.
Ataka 8. kilometroan dago eta gainditu eta gero bidegurutze bat aurkitzen da. Gure norabidea beherantz zuzen doana da. Baso baten barna murgilduko gara, errekatxoa behin zeharkatuko dugu, beheko bidegurutzearekin topo egin arte (9,6 km). Oraingoan ezkerrera jo behar dugu, Juanito borda zuria erreferentziatzat dugula. Hau gainditu goiko aldetik eta jaisterakoan beste errekatxo bat pasako dugu, bihurgune batean, baina adi egon 10,3 kilometroan eskuinetik pista utzi behar dugulako. Ataka edo hesi bat dago Tapia errekatxoaren aldean, hau pasa eta ura zeharkatu beharra dago ardi bide baterantz. Lurrezko bide honek Zatoia ibaiaren ezkerraldeko ertzean den borda batera eramenen gaitu, hesi batzuk zeharkatu ondoren, eta bertan lurrezko pista bat hartzen da, ibaiaren ertzetik doana, errepidera arte. "Cuatro bordas"en, 13,6 km, errepideari heldu behar zaio, portuari aurre egiteko. Igoera egiteko asfaltoa izatea eskertzen da Tapia pasabidera iritsi arte, 22,7 km, malda gogorrak aurretik baitauzkagu.
Mendatean diren ikuspegiak, lainoak mesedea egiten badigu, ederrak dira oso, eta aurrera egiten dugun bitartean zabalagoak izanen dira. Ezkerretik harturik, animalientzako zamatoki baten aldamenean langa bat gainditu behar da. Hemendik aurrera bidea lurrezkoa da, gurtarrastozkoa, kontu izan, lokatzak ia pedalei eragiteko ere ez du uzten-eta. Aurrera jarraitu, gorabeherekin, 24 kilometroan dagoen bidegurutzerarte, hemen ezkerretik jarraitu, eskuinekoa beherago baitoa Irati ohianaruntz. Gorago ataka berri bat pasa behar dugu, Zaraitzu eta Aezkoaren muga, 25,6 km. Hurrengo eragozpena 26,6 kilometroan dagoen bidegurutzea da, bertan ezkerretik jarraitu, eskuinekoa Irabiarantz omen doa eta. Hortik gutxira, aldapa baten gainean abereentzako beste zamatoki bat gainditu eta aurrerantzean dena beherantz da; gainera kilometro bat aurrerago pista hobetzen da eta ez da lokatz gehiago aurkituko. Paisajeaz eta soro nahiz basoaz gozatzerik dago, azkenengo malda aldapatsuetararte, zeintzuk herrira zuzenduko gaituzten