Sagrario Aleman
1. Urte batzuk dira Arturo Kanpion euskaltegiak taberna paratzen duela Zaldiko Maldiko elkartean eta honexegatik lanean ibiltzen naiz. Noski, ezagunak etorri ohi dira eta oso gustura ibiltzen naiz. Dena den, lana bai baina dibertimendurako tartea ere egon ohi da. Lagunekin afaritxo bat, gosaritxo bat, beti adosten dugu zer edo zer.
2. Azken aldi honetan egunez bizitzen ditut Sanferminak eta izugarrizko giroa egon ohi da. Jendea alai dago, izugarri solasturi eta goizez edo arratsaldez parte zaharrean barrena bueltaxka bat ematea gustatzen zait gehien. Ezer berezirik bilatu gabe, zer topatzen duzun, horren esperoan. Gero, peñen irteera ere izugarri gustatzen zait salto batzuk emateko.
3. Aukera asko ditu. Ez dakit, jaietan sartzea, ez kanpoan gelditzea.
Jimeno Jurio
1. Egia errateko urteak dira Iruñetik kanpo ematen ditudala jaiegunak. Hondarribira edota Isabara egin ohi dut eskapo. Dena den, gazteago nintzela, lagunekin pasatzen nituen, bueltaxkak emanez, afariak eginez... Zezenketetera soldadutza egin nuenetik ez naiz berriro agertu.
2. Ez dakit. Nahiko berandu ezagutu nituen nik Sanferminak. Tira, guztia gustatzen zait, baina zerbait azpimarkatzekotan entzierroa aipatuko nuke ikusgarriena den heinean. Baina Iruñea guztia da ikusgarri egun hauetan, zoko guztietan egon baitago zerbait ikusteko, zerbaitetaz gozatzeko.
3. Gaztea bada beldurrik ez izateko eta festaren zurrunbilora barneratu dadin, bitan pentsatu gabe. Gero, ni bezalatsu edadean aitzina egin badu, goiz jaikitzeko eta entzierroa ikusteko.
Iñaki Lasa
1. Lana eta besta eginez. AEKk dirua biltzeko barraka paratzen du eta lan pixka bat egiten dut. Besta ere derrigorrezkoa da. Urtero zezenketa batera joaten naiz. Lehen abonoa eta guzti ateratzen nuen eta orain egun batean behintzat hurbiltzen naiz plazaraino. Izugarri gustatzen zait hirugarren zezena hiltzen dutenean egoten den giroa, merendatzeko tarte horretan.
2. Azken aldi honetan egunez ere bizi ditut Sanferminak eta izugarri harritu nau zein giro egoten den hamaiketako ordu horretan. Iruindar askok ziur nago ez dituela ezagutzen eguneko Sanferminak eta ezagutu beharko lituzke.
3. Ikuslea izan ordez partehartzailea izatea. Egun hauetan guztientzat badago lekua eta bakoitzak berea topatu behar du.
Jose Manuel Urroz
1. Egunari hasiera egokia emateko entzierroa ikusteko ohitura dut. Familiarekin, batzutan, Estafeta karrikako balkoi batetan ikusteko aukera izaten dugu. Gero, goiz parteko buelta alde zaharreko kaleetan zehar. Gauez ere gustatzen zait ateratzea, noski.
2. Goizeko giroa. Lehen ez nuen ezagutzen baina oso polita da. Txistulariak, gaiteroak, fanfarreak ... egon ohi dira eta oso ondo pasatzen dut. Gainera, Navarreria eta Jarauta bezalako kaleetan giroa nahiko euskalduna egoten da eta izugarri disfrutatzen dut. Goizeko konpartsaren irteera ere asko gustatzen zait.
3. Jaiak xahutzea nola edo hala. Gauak bere giroa du eta egunekoa bestelakoa da. Ahal izanez gero bada, biak ezagutzea, biak dastatzea.
Kike Diez de Ultzurrun
1. Arras ongi pasatzen ditut. Ia kasik erraten ahal da urtean behin elkartzen garen lagun taldea elkarrekin gosaltzen dugula, hauetariko baten amak prestaturiko gosaria, sekulakoa. Kafea, kopa eta purua gero eta Udaletxe plaza ingurura hurbiltzen gara.
2. Garai batean gaueko giroa gustatzen zitzaidan gehiago, baina orain gustu gehiago hartzen diot egunekoari. Zezenketei dagokienez lehenago Irrintzi peñarekin joaten nintzen. Orain, egun batean behintzat joaten jarraitzen dut. Dena den, bezpera eguna da niretzako bereziena. Jendeak bere izakerarik goxoena kanporatzen du egun horretan.
3. Bertako batekin adiskidetzea. Bertzela betiko leku topikoak ezagutuko ditu soilik.